Sonia Gonzalez Idazlea
Intelektualak
Alfonso Sastreren «La mordaza» antzerki obra 1954 urtean estreinatu zen. Frankismo garaiko zentsura erraz pasatu zuen obrak, zentsore buru argiek bertan ezelako «arazorik» edo «eragozpenik» aurkitu ez baitzuten errepresentazioa baimentzeko. Hala ere, bertan Sastrek isiltasunaren arrazoien inguruko hausnarketa egiten zuen, zergatik isiltzen den jendea, oro har, injustizien aurrean eta, bereziki, zergatik isiltzen diren intelektualak ere.
Horretarako, ezer baino lehen «intelektual» bat zer ote den jakin beharko genuke aldez aurretik. Idazten dudan tribuna hau aprobetxatu behar dut horretarako eta puntu horrexetatik hasi: zer zilegitasun daukat nik neuk egunkariko espazio hau betetzeko nire iritzi eta nire burutazio edo tontakeriekin? Zein da nire meritua? Hiruzpalau liburu idatzi izana eta, hortaz, letra bat bestearen atzetik gutxi gorabehera ondo kokatzen jakitea? Horretaz jabetuta, neure burua ez dut sekula intelektualtzat jo. Gura ere ez.
Baina zer da «intelektuala» izatea berez? Badirudi mundu honetan intelektualtzat hartzen direnak ogibide zehatzekin egon behar direla lotuta, eskuak erabili behar ez diren ogibideekin, hain zuzen ere. Honela, intelektualak idazleak, irakasleak, artistak, eta abar izan behar dira, nahiz eta hauek meritu handirik ez eduki. Inork ez luke intelektualtzat hartuko produkzio linearen bateko langilerik, nahiz eta pertsona hori sindikalista izan, nazioarteko arazoez ezagupen eta hausnarketa gaitasun handia eduki edota bere herriko bizitza politikoa argi ikusteko eta aberasteko trebe izan.
Esanguratsuak dira gure herriko irrati eta telebistetako tertulianoak: denetarik dakite, denetaz berba egiteko kapazak dira, batere arazo edo lotsa barik, baina betiere begien bistako adierazpen ebidenteekin. Gaztelerazko programatik goizean salto egiten dute euskarazko arratsaldekora eta irratitik telebistara, gai berberak errepikatzen dituzten aurkezle antzekoen eskutik. Beti berdin. Noizbait egongo da norbait kontu interesgarriagoak esateko gai dena, baina programa buruek ez dituzte arrazoi horrengatik aukeratzen, kontua da itxuraz behintzat mahai «politikoki orekatuak» osatu behar dituztela komunikabide «publikoek».
«Intelektualak» besteon gainetik kokatzen den eta ondo aukeratutako «elite» bat dira edo, hobeto esanda, «elite» bat osatu nahi dute eurek eta, zelan ez, hala erabiltzen dituztenek. Akaso hobeak dira edo mirestu behar ditugu zortzi ordu lan egiten ez dutelako? Inoiz pasatu al zaio burutik intelektual mota horri munduari ganorazko ekarpenak egiteko modua zein ote den? Zer egin ahal duten euren «ogibideen» bitartez edo, garrantzitsuagoa dena, euren eguneroko bizitzaren bitartez? Besteon iritzia aberasteko baino, ezarritako iritzi «zuzena» irentsi dezagun egoten dira komunikabideetako tribunetan.
Emaitza? Patrono ezberdinei hainbat mesede zor dizkioten listilloak, sistemaren ideologo hutsak, azken batez sisteman bertan nahiko ondo konpontzen baitira, sistemak berak euren egoak eta euren zilbotak ondo elikatzen baititu.
Eta honela hasierako galderara itzultzen gara, ea «intelektualak» zergatik isiltzen diren. Asko esateko gauza handirik berez ez daukatelako, beste asko guztiz asimilatuta eta pozik daudelako eta zenbait berton berba egitea arriskutsua dela badakitelako.
Zorionez, pertsona osoak ere badira mundu honetan, bizizale saldu eredu horretatik urrun. Horren adibidea Sastre bera daukagu. Zoritxarrez, dauden apur horientzat ez da sekula tribuna oso zabalik egon.