GARA > Idatzia > Editoriala

78 hildakoek aipamena eta gehiago merezi dute

Atzo bukatu zen abuztua, herritar gehienek oporrak hartzen dituzten hila. Lan munduan, ordea, besteak bezain tragikoa izan da eta, izan ere, modu ezinago tragikoan bukatu da, 26 urteko gazte bat, Y.I.P. inizialak dituena, hil baitzen Mundakan deskarga elektriko bat izan eta bost metroko altueratik erorita. Joan den asteartean, berriz, Osalanek azaldu zuenez, beste langile bat beroak hil omen zuen Arkauten, langile batek aire-bafaden kontra ezer egiterik ez baleuka bezala, are gutxiago teilatu batean lanean diharduenak, eguraldi baldintza txarretan lan egitea legez araututa dagoen arren. Baina opor hila da abuztua eta, beste zenbait fenomeno larrik ez bezala, lan ezbeharrek ez dute hedabideen oihartzun handirik merezi, antza. Beharbada ez dute behar besteko gizarte alarmarik sortzen. Politikariak ere oporretan daude eta, beraz, urteren buruan beren agenda mukuru beteetan istripu segida etengabe horrek toki gutxi izanda, abuztua errespetatu egiten dute opor hil bezala. Atzo ikasturte politiko delakoa hasi zen, baina Lakuako Gobernuko buruak ere bere diskurtsoan ez zuen lan ezbehar kopurua aipatu ere egin. Eta aurtengo 78 hildakoek aipamena eta askoz gehiago ere merezi dute: osasun eta arriskuen prebentziorako neurriak, legeak agintzen dituenak, betetzea, haientzat dagoeneko berandu bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo