Hipoteka garestiagoak, askoz garestiagoak
Euriborrak ez du atsedenik hartzen bere goranzko ibilbidean. Abuztuko igoerak %4,661eraino eraman zuen. Administrazioek esaten zutenez, AEBetako hipoteka krisiak ez zuen Europan eraginik izango, baina izan du, eta hipoteka duten herritarrek nabaritu egingo dute. Nolanahi ere, igoera etengabearen benetako kausak ez dira ozeanoaz bestalde bilatu behar, Europako Banku Zentralaren moneta politikan baino, inflazioa kontrolatu nahian. Indizeak, ehunekoak, eraginak eta joerek herritarrari seguruenik ez diote ezer argirik esaten, baina hipoteka duenak, hitz horiek ezagutu gabe ere, bere hipoteka askoz garestiagoa dela ikusiko du. Hipoteka ertain bat duenak urtean 1.090 euro gehiago ordaindu beharko du eta, EBZk inflazioa oso ondo kontrolatzen duela esaten badiote ere, kontsumitzeko ahalmen gero eta txikiagoa nabarituko du, eta aurreztea ezinezkoa izango du, soldatek ez baitute neurri berean gora egiten. Herritar horrek beharbada ez daki zer den Euriborra, are gutxiago haren datuak interpretatzen; hala ere, ulergaitzago gertatuko zaio krisia dagoenean bezala ez dagoenean ere, enpresen eta bankuen etekinak handiak izanda ere, beti dagoela aitzakiaren bat soldatak ahalik eta gutxien eta hipoteken eta kontsumo produktuen prezioak ahalik eta gehien igotzeko.