Iratxe Esnaola Arribillaga | Informatika ingeniaria
Autodeterminazio teknologikoa
Neutralitatea izan nuen hizpide nire azken artikuluan. Hartan, sareari edo Interneti dagokion izaera neutroaz mintzo nintzen. Irekia izan behar duela. Jaiotzatik neutrala, kolektiboa eta askotarikoa dela. Eta hala izan behar duela. Bestela ez dela Internet izango, beste sare mota bat izango dela. Internetek, izatekotan, neutralitatean eta berdintasunean oinarritutako sare erraldoia izan behar duela, halabeharrez. Neutralitate kontzeptua, ordea, saretik edo Internetetik haratago doa. Eta horrexegatik, neutralitate teknologikoak irakurketa orokorrago bat behar du.
Sarean konektatu gabe, gure ordenagailu propioen erabileran ere neutralitatea bermatu behar da. Izaera teknologiko ezberdin guztiek sistema beraren pean funtzionatzeko ezinbesteko baldintza baita neutralitate teknologikoa. Sistemak izaera teknologiko guztiak onartu behar ditu, eta baliabideak jarri izaera horiek guztiak libreki garatu daitezen. Finean, norberaren «autodeterminazio teknologiko» partikularra bermatu beharra dago, neutralitatean, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako garapen teknologikoa nahi badugu.
Autodeterminazio teknologikoa erabili nahi ditugun sistema eragile, programa edota formatuen inguruan erabaki-gaitasuna bermatzen digun askatasun printzipioa da. Teknologiaren aldetik berau ulertzeko modurik errazena, Administrazio Publikoarekin dugun harreman teknologikoari begira jartzea da. Zein sistema eragile erabiltzen dute Estatu frantses eta espainarreko Administrazio Publikoan? Zenbat kostatzen zaie? Lizentziarik ordaintzen dute? Nola justifikatzen dute diru publikoarekin egindako inbertsioa? Zein formatu erabiltzen dituzte? Behartzen al gaituzte irekiak eta estandarrak ez diren formatuak erabiltzera? Baina... Administrazio Publikoak ez al ditu bada herritar guztiak berdintasunean zaindu behar? Berak erabaki behar du gure partez? Berak definitu behar du gure izaera teknologikoa? Administrazio Publikoak ez al du neutrala izan behar bere zerbitzu guztietan?
Estatu frantsesean, Jendarmeria osoan, Parlamentuko zerbitzu ofimatikoetan eta Administrazio Publikoaren zerbitzuen gehiengoan formatu irekiak erabiltzen dituzte. Honekin, neurri batean edo bestean, autodeterminazio teknologikoa bermatzen dute, ez baikaituzte teknologia mota konkretu bat erabiltzera behartzen. Estatu espainiarra atzerakoia da erabat zentzu honetan (ere). Estatu espainiarreko Administrazio Publikoaren azpiegitura informatikoaren %90 inguru Microsoft empresaren lizentzien pean mantentzen da oraindik. Europar Batasuneko gidalerroen arabera, bezero edo banatzaile baten merkatu kuota %22koa baino handiagoa denean, menpekotasunaz hitz egin daiteke. Eta, beraz, espainiar Estatuan Microsoftekiko menpekotasun teknologikoa nabaria, ulergaitza eta onartezina da, ia osotasunera iristen baita. Izatezko monopolioa du Microsoftek espainiar Estatuan, zalantzarik gabe (irudika ezazue egoera hau teknologikoa ez den beste jarduera ekonomiko batean).
Espainiar Estatuko Administrazio Publikoan formatu itxiak eta erabilera lizentziak oinarri dituzten programak eta sistema eragileak erabiltzen dituzte. Microsoftek eduki dezakeen bezerorik maitatuena da estatu bateko Administrazio Publikoa, ordenagailu bakoitzeko lizentzia bat ordaindu behar baita. Pertsona indibidualak ez gara Microsoft enpresa hain indartsu mantentzen dugunak. Ez ahaztu, gainera, diru publikoarekin egindako inbertsioak direla. Alegia, autodeterminazio teknologikoa ukatzen diguten berberek gure dirua erabiliz ordaintzen dituztela autodeterminazio teknologiko hori ukatzea ahalbidetzen duten tresnak.
Estatu espainiarreko Administrazio Publikoak teknologia itxietan diru publikoarekin egiten dituen inbertsioak ezin dira inolaz ere justifikatu. Inbertsio horiek ez dira justifikagarriak neutralitate teknologikoaren baitan. Herritar guztiok ez gara berdinak Administrazio Publiko elektronikoaren aurrean. Erabaki-gaitasuna praktikan jarri eta izatezko eskemetatik atera garenok zerbitzuen eskaintzatik kanpo geratzen gara. Hori bai, zergak berdin-berdin ordaintzen ditugu.
Autodeterminazio teknologikoa, halabeharrez, neutralitate teknologikoari eskutik helduta dator. Eta hauek lortzeko soluzio bakarra software librearen eta formatu eta estandare irekien erabilera bermatzea da. Autodeterminazio teknologikoak askatasunean eta berdintasunean erabakitzeko gaitasuna eskaintzen digu, eta hori, teknologia berrien munduan, software librearen filosofiak bermatzen duen neutralitate tekonologikora mugatzen da.
Utzi izatezko teknologiak erabiltzeari. Jarri praktikan erabaki-gaitasuna autodeterminazio teknologikoa eduki aurretik. Neutralitate teknologikorik gabe ez dago askatasun teknologikorik euskara eta Euskal Herriarentzat. Eta noski, Euskal Herriak garapen teknologiko propioa izango badu, software librearen aldeko apustu partikular eta kolektiboak existituko direlako izango da. Beraz, software libreak gure determinazioa izan behar du. Gure aukera. Gainontzekoa emana baitator.