GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altsasun ekingo dio ikasturte politikoari ezker abertzaleak

Datorren larunbatean, Altsasun, ekingo dio ezker abertzaleak ikasturte politikoari, eta bertan manifestaldi eta ekitaldi bidez «Euskal Herria helburu duen nazio proiektua» erakitzeko gonbita egingo dio jendarteari.

p014_f01.jpg

«Euskal Herria helburu duen nazio proiektua» eraikitzea posible baino, «ezinbestekoa» dela aldarrikatu nahi du ezker abertzaleak. Eta horretarako ohikoa duen ekitaldia egingo du irailaren 8an, Euskal Herriaren erdigunean, Altsasun.

Hitzordua herriko plazan izanen da, 18.00etan, bertatik aterako baita «Konponbidea gure esku, lau lurraldeetarako autonomia eta erabakitzeko eskubidea» leloa izango duen manifestaldia. Ondoren, ordea, ekitaldi politikoa egingo dute, Euskal Herriari ezker abertzalearen «borroka eta askapen mezua» zabaltzeko.

Ikasturte politikoa abiatzeko xedez egiten den ekitaldia aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Sakanako ezker abertzaleko ordezkari Lander Urritzak eta Maitane Intxaurragak. Bertan, Euskal Herria «nazio aske gisa egituratzearen» ezinbestekotasunaz aritu ziren. Euskaldunak Europan eta munduan «euren buruaren jabe izatea ahalbidetuko duten tresna politiko eta instituzionalak» eskuratzea beharrezkoa da, haien ustez. Eta, hortaz, arloz arlo euskal herritarrek dituzten beharrei erantzuteari ekin behar zaiola deritzote.

Ezker abertzaleak Euskal Herriaren nazio proiektuaren aldeko aldarria Nafarroatik egin nahi duela azpimarratu zuen Intxaurragak. Herrialde hori baita, haren ustez, euskal nazioaren «bizkarrezurra eta arima». Baina bada beste zio bat: haren aburuz, Nafarroan bizi dira «Espainiaren ukazio politikoaren ondorio gordinenak». Inposaketa horren adibide gisa, Nafarroako Foru Hobekuntza ekarri zuen gogora eta «iruzur hutsa» izan zela adierazi zuen. Nafarroaren burujabetzaren «etsaia» Madril dela adierazi zuen eta horren lekuko herrialdean bizi den egoera azaldu zuen.

Oraingoak, etsipenerako garaiak ez direla nabarmendu eta Madrilek eta Parisek «ukazioa eta errepresioa besterik eskaintzen ez duten arren», ezker abertzaleak «askapen eta itxaropen mezuak» plazaratuko dituela aurreratu zuten.

Ezker abertzalearen ustez, Euskal Herriaren aldeko indarrak biltzeko ordua da, eta horretarako, gainera, marko demokratikorako proposamena ma- hai gainean dagoela gogorarazi zuen Intxaurragak. «Ukazio egoeratik demokrazia esparru batera» eramango lukeen proposamena dela baieztatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo