Plentziako Astilleron izaten den azokak 115 urte beteko ditu
Irailaren 1ean urtero egiten duten Nekazaritza eta Abere Azokak 115 urte beteko ditu aurten. Ehun inguru baserritar eta hainbat ganadu jabe ibiliko dira gaur, 10.30etik aurrera, Plentziako Astilleron eta inguruko kaleetan. Hau da, dudarik gabe, Bizkaian egiten duten azokarik zaharrenetarikoa eta, era berean, herriko jaietako ekitaldirik ikusgarrienetakoa.
Hirugarren jaieguna izango dute gaur Plentzian, eta festaren erdian sartu ahala, eguraldiak lagunduta, giroa epeltzen ari da dudarik gabe.
Javier Artaza eta Begoña Ibargurengoitia, aurtengo Antolintxu eta Madalentxu eta joan den ostegunaz geroztik Plentziako alkateak, pozik dira jaiko protagonista direlako. Isuskizatik Plentziako jaietara joandako lagun baten istorioa ekartzen du gogora Antolintxu pertsonaiak; herrira jaitsi eta ia aste bat pasatu zen berriz ere baserrira bueltatzerako. Berarekin batera, aurten lehen aldiz, bikotekidea izan du Antolintxuk; Madalentxu nobedadea izan da aurtengo jaietan, eta ongi moldatzen ari dira biak.
Hainbat jai ospatzen dituen herri horietako bat dugu Plentzia. Besteren artean, Kristobal Deuna, Madalenak, Karmen jaiak, San Inazio eta San Antolin ospatzen dira kostaldeko herri horretan, baina azken horiek dira ospetsuenak. Hala eta guztiz ere, Antolinen omenezko festak ez dira beti garrantzitsuenak izan. XIII. mendean Kandelariako Amaren azoka egiten zuten hamabost egunez, baina IXX. mendearen hasieran, Udal Ordenantzetan agertzen den moduan, komenigarria ikusi zuten feria iraileko lehenengo egunean egitea, kontuan izanik jende asko etortzen zela egun horretan herrira San Antolin jaia dela-eta. Gainera, memento aproposagotzat jotzen zuten jaiak ospatzeko.
Horiek hala, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan jaien ospea erabat zabaldu zen. Inguruko herrietatik eta Bilbotik (uda osoan ibiltzen da hiriburuko jendea Plentzian) jende andana etortzen zen urtero Plentziako jaietara; besteren artean udako azkenetarikoak izaten zirelako, eta horrekin batera, dudarik gabe, egitarau erakargarria antolatzen zelako eta txosnetan oso giro ona egoten zelako.
Gaur egun jai onak dira dudarik gabe, bestela, egitarauari begirada bat ematea baino ez dago. Gaur, esaterako, igeriketa izango da itsasadarrean, eta Benito Lertxundiren emanaldia frontoian izango da, 23.30ean. Bihar, koktelen txapelketarekin gozatzeko aukera izango da. Erriberako eta Alde Zaharreko tabernariek edari bitxiak prestatuko dituzte ohitura den bezala. Mozorroak eta su festak izango dira, gainera.