GARA > Idatzia > Kirolak

ZESTOA

Kirol ekitaldiak izango dira, besteak beste, euskal selekzioaren egunean

Ander GARTZIA | ZESTOA

Ofizialtasuna aldarrikatzeko xedearekin euskal selekzioaren eguna ospatuko dute gaur Zestoan. Kirol eta bestelako hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun berezi honetarako eta 11.30ean herriko futbol zelaian jokatuko den Zestoaren eta Lagun Onaken (Azpeitia) arteko partidarekin hasi eta gauera arte hainbat ikuskizun izango dira.

Arratsaldeko 18.30ean Ondarbasorako XXII. igoera egingo dute herriko txirrindulari taldearen eskutik, baina ordu erdi lehenago, jendeak herri igoerarekin gozatzeko parada ere izango du. Euskal Herriak nazio burujabe gisa, munduaren aurrean agertzeko duen eskubidea aldarrikatu nahi duen festan ez da faltako giroa eta eguerdian izango diren triki-bertso poteoak eta herri bazkariak horretan lagunduko dute. Azkenik, elkarretaratzearen ondoren, Desmascaradasen kontzertua izango da.

GARAk festa hori bultzatu nahi izan du hainbat eragilerekin batera: Bai Euskal Herriari plataforma, Esait, herriko hainbat kirol eta aisialdi talde eta Udala. Antolatzaileek urteetan burutu den lana bere fruitua ematen ari dela esan dute. Adibide gisa, udan Austrian egindako nazioarteko sega txapelketan Euskal Herria nazio gisa onartzeaz gain, ekitaldi ofizialetako euskal ikur onartuak ikurrina eta euskal ereserkia izan zirela gogoratu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo