Kontxako Bandera
Berdintasuna ikusita, lehen txandan aritzea abantaila izan daitekeela esan dute
«Haizeak gorantz egiten du normalean», adierazi zuen Aizperro oriotarrak
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Kontxako Banderan parte hartzeko sailkapen estropan egondako berdintasuna ikusita -zazpi ontzi hamalau segundoko tartean sailkatu ziren-, gehienek igandeko lehen txandan aritzea abantaila izan daitekeela nabarmendu dute.
Orioko entrenatzaile eta arraunlari Aizperro iritzi horretakoa da. Euskadi Irratian eginiko adierazpenetan, zozketarekin pozik daudela aitortu zuen. «Nik uste dut txanda hau ona dela. Normalean, haizeak eta itsasoak zertxobait gorantz egiten dute. Aukeratu beharko banu, lehenengo txanda aukeratuko nuke», esan zuen.
Era berean, Hondarribiko prestatzaile Mikel Orbañanosek lehen txandan aritzea begi onez ikusi zuen. «Lehenengoa izanda, pentsatzen dut ondo joango zaigula. Gainera, beste traineruei begiratuz gero, ez zaigu aurkaririk faltako», aipatu zuen.
Urdaibai, beste faboritoetako bat, bigarren txandan izango da. Dena dela, bertako entrenatzaile Patxi Bilbaok kezkatuta ez daudela esan zuen. «Konfiantza handiarekin gaude. Gure helburua igandeko estropada irabaztea izango da; hau da, denborarik onena egitea», jakinarazi zuen bizkaitarrak.
Castro ere bigarren saioan izango da. Bertako arraunlari Juan Mari Etxabek ilusioz daudela esan zuen. «Beti nahiago izaten dugu lehen txandan irten, baina horrela atera da eta onartu beharra dago. Agian, alderantziz gerta daiteke aurten: lehen txandan txarra egin eta gero baretu. Ea jaungoikoak laguntzen digun», erantsi zuen.
KAE Ligako ontziek hitzordua dute gaur eta bihar Erandion (17.30) eta Hondarribian (18.00), hurrenez hurren. TKE Ligara igotzeko kanporaketa dute zain bi herri horietako uretan.