GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baserri eta hiri lurren kudeaketa errazteko partzuergoa osatu dute EPFLk eta SAFERek

p017_f02_148x108.jpg

Eneritz ZABALETA

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako etxebizitza eta lur espekulazioaren testuinguruan, kudeaketa publikoa daramaten SAFERek eta EPFLak hitzarmena izenpetu zuten atzo. Bi erakunde horiek, hiri eta baserritar lurren kudeaketan, udalei laguntza tekniko eta finantzarioa emateko ardura dute. Atzoko partzuergo hitzarmenak, lur mixtoetan, hau da, zati batean urbanoa eta beste zatian baserri lurra diren lurretan, bakoitzaren lan eremua definitzeko balioko du.

Philippe Juzan, Euskal Herriko EPFLko lehendakaria, eta Francis Masse, SAFER erakundekoa, pozik agertu ziren atzoko hitzarmenarekin. Haiek adierazi zutenez, hitzarmenak «berebiziko garrantzia» dauka, bi erakundeen «konpetentzia eremuan», hots, Lapurdin eta Nafarroa Behereko zati txiki batean, baserri eta hiri lur mixto anitz baitago leku horietan.

Bi erakundeek, antzeko betebehar eta tresnak dituzte hirigintza eta baserri arloan. Horrela, biek etxebizitza merkatua zaintzeko ardura dute, beharrezkoak diren inbertsioak eginda, etorkizunean indar publikoen proiektuentzako lurra segurtatzeko. Adibidez, EPFL eta SAFER erakundeek lurrak erosteko ahaalmena dute, horretarako eskusartze eskubidea erabiltzeko aukerarekin. EPFLk, lur horiek udalen eskuetara uzten ditu, etxebizitza sozial programak aitzina eraman ahal izateko edo azpiegiturak eraikitzeko. SAFERek, berriz, lurrak udalen esku uzten ditu, lanean hasi nahi duten laborariei erraztasunak emateko edo baserri lanerako beharrezkoak diren eraikuntzak eraikitzeko. Atzoko hitzarmenaren bidez, aldi berean hirigintza eta baserri lanetarako erabil daitezkeen lurretan bakoitzaren funtzio eta lehentasunak argituko dira, Masse eta Juzanen arabera.

EPFL 2006an sortu zen, eta Juzan lehendakariak argitu zuenez, 3.600.000 euro erabili ditu 7 proiektu aitzina eramateko, 360.000 metro karratu lur erosita. Lur horiek Mugerreko, Bidaxuneko, Hiriburuko edo Baionako udalen esku utziko ditu EPFLk hainbat proiektu aitzina eraman ditzan. Proiektu horien artean, Bidaxune eta Mugerreko auzo eta hiri barneen berregituratzea daude, etxebizitza eta komertzio guneen eraikitzearekin. Baionan, Saint Etienneko eremu ekonomikoa zabaltzeko erabiliko da EPFLk erosi lurra.

«Publizitate kolpe bat»

Batasunak atzoko hitzarmenaren izenpetzea dela-eta, harridura eta kezka erakutsi ditu hainbat puntutan. Batasunak, bi erakundeen arteko akordioaren beharra 2005etik aipatu bada ere, bi urte itxaron izana kritikatu du. Hitzarmena, «publizitate kolpe hutsa» dela salatu du, hautetsiek lurraren eta etxebizitzaren arazo larriaren aitzinean «zerbait egiten duten» itxura emateko. Bi erakundeok tresna tekniko hutsak direla gehitu du Batasunak, eta ekintza publikoa koordinatzeko tresnarik ez dela nabarmendu. Arazoa konpontzeko, Ipar Euskal Herriari «erabakitze eskubidea» emanen dion «autonomia estatutua» behar-beharrezkoa dela erantsi du alderdi abertzaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo