Rockaren uholdeak aurrera jarraitzen du, indarrik galdu gabe
Asko hitz egin da aurtengo Azkena Rock ahulduari buruz. Alta, ez dira afixeko izarrak jaialdiaren ondare nagusia, beste behin frogatu dugun bezala. Rockzaleen fideltasunak eta sortutako giro apartak bihurtu dute Azkena ezinbesteko bilgune musikazaleontzat.
Anartz BILBAO
Zuzeneko kaskarrak edo bikainak, talde handi edo txiki, australiar edo euskaldun izan, rockzalea beti rockzale, eta Azkena Rock ezinbesteko. Bilgune bikaina dugu uda bukaeran Gasteizen eta urtez urte ohitura bihurtu dugu bertaratzea. Horra jaialdiaren magia eta sekretua, zaleen artean bertan sortzen den giro bikaina.
Aurten, Gasteizko Azkena aretoan ospatutako harrera kontzertuarekin hasi zen rock ospakizuna. Xavier Rudd australiar surferra eta Royal Canal Nafarroako talde zirraragarria ziren bertan, bildutako zortziehun lagunen gozamenerako.
Ostiralean, berriz, Mendizabalara. Ohi bezala, lauretan hasi zen burrunba eta gu bertaratu ginenerako beltzez jantzitako jende andana zen bertan. Formatua eraldatu eta, txandakatutako bi eskenatokiren ordez, eskenatoki nagusi bat jarri dute aurten, arratsaldeko lehen zuzenekoak karpa erraldoian jarritako oholtzarekin txandakatzeko. Horrela, eremua dezente murriztu zitzaigun, elkartuago egoteko, baita asmatu ere -antolakuntza eskarmentuduna du jaialdiak, eta zorrotzak dira oso aurreikuspenetan-. Aldaketa horren ondorioz, gaueko azken talde nagusi guztiak oholtza berean jo zuten, bata eta bestearen artean atsedenerako tartea utzita. Beste guztia, jaialdiko dirua, jan-edana, disko eta arropa salmenta... Ohikoa.
Kokatu ondoren, heldu diezaiogun musikari. Las Furias neska talde amorratuak piztu zuen sua, jendea tantaka-tantaka gerturatzen ari zela. Gero, eguneko zuzeneko dibertigarrienetarikoa, Los Coronas. Madrilgo taldeak surf instrumental bikaina eta ikusgarria egiten du, zaleen oso gustukoa. Fernando Pardorekin batera David Krahe dugu bertako gitarra jotzaile iaioa, oholtza batetik bestera korrika joan zena hurrengo artistarekin, Josele Santiagorekin gitarra jotzeko. Los Enemigos-eko partaide ohia musikari estimatua eta maitagarria dugu, bakarkako lan ederrak eman dituena. Taldean eta rockero agertu bazen ere, bere zuzenekoa oharkabean joan zen atzokoan.
Beste horrenbeste gertatu zitzaigun Two Gallants bikote interesgarriarekin. Txukun hasi ziren karpa azpian, country-blues gordina eskainita, pixkanaka urtzeko. The Inmortal Lee County Killers gogorarazi zizkiguten -bateria eta gitarra-, literatur erreferentziarik gabe eta ez horren bortitz, ordea. Brant Bjork genuen hurrengoa, Azkena jaialdia ondo ezagutzen duen gitarrista. Stoner rocka bereziki maite ez duenarentzat astun samarra, gorabeherarik gabekoa.
Konturatu orduko joana genuen ostiral erdia, zirrara berezirik gabe.
Gaueko momentu interesgarrienetara hurbilduta, talde txikietan handi, Giant Sand. Aspaldian sarri ibili da Howe Gelb musikari harrigarria gurean, bakarka. Atzo taldearekin izan genuen, elektrifikatutako gitarra espainiarra eta pianoa jotzen. Taldeak lotu egiten du inprobisatzeko joera duen arizonarra. Inperfekzioa maite du Howe-k, kantak biluztea eta askatzea, baina atzokoan erdizka utzi gintuen, soinu kaskarra zela-eta. «Classico» kantu fina jo ondoren, The Beatles taldearen «Hey, Jude» eta Johnny Cash beltzezko gizonaren «Ring it Fire» kantu ezagunak nahasi eta irrifartsu agurtu gintuen musika egiteko eta ulertzeko era propio eta berezia duen showman nahastuak.
Giant Sand taldearekin karpa itxi eta oholtza nagusiak bereganatu zuen arreta osoa. Bertan, Roky Erickson & The Explosives, estreinako aldiz gurean. 13th Floor Elevators talde psikodelikoaren buru izandako gitarrista, buruko arazoak direla-eta, zoroetxean luze egondako morroia dugu. Zuzeneko txukuna eman zuen, duina oso. Rockaren esparru klasikora jo zuen, ezer ez soberan, ezer ez faltan, tartean «Psychedelic Sounds Of The 13th Floor Elevators» lan ederreko kantuetan. Rockzale amorratu bat baino gehiago aurkitu genuen espresuki bera ikustera joandakoa, hunkituta Roky zaharra berriro jotzen ikustean.
Gaua bukatzeko harribitxia, jaialdiaren espirituari primeran egokitzen zaion Heavy Trash bikote dotorea. (Toolek jo ondoren jende askok kanporako bidea hartu zuen eta txisteren bat ere entzun genuen. Falta den taldea -heavy- eta -trash- deitu, eta Tool zaleak etxera?). Batek baino gehiagok ondo gogoan ditu Jon Spencerrek Blues Explosionekin hirukotean emandako zuzeneko sutsuak. Lurrazpiko rock-and-rollak duen frontmanik coolena Matt Verta-Rayrekin (Speedball Baby) bat eginda dabil azken aldian, rockabilly gordin eta koipetsua eskaintzen. Aurki bigarren lana plazaratuko dute eta atzokoan taldean rock kontzertu mugitua eman zuten, tarteka lau gitarrarekin! Gure ustez, eguneko onena. Zirrara gutxi zuzenekoetan eta lagun arteko giro aparta.
Taldeak:
Las Furias, Los Coronas, Josele Santiago, Two Gallants, Brant Bjork, Giant Sand, Roky Erickson, Diamond Dogs,Tool, Heavy Trash.
Lekua eta data: Mendizabala (Gasteiz), 07-08-31.
Publikoa: 8.231 lagun, (antolakuntzaren esanetan).