GARA > Idatzia > Editoriala

Basamortutzea ez da urruneko arazoa

Hirurogei Gobernuz Kanpoko Erakunde inguruk herenegun agertu zutenez, ezin da itxaron basamortutzearen kontra ekiteko. Haien proposamenak NBEaren Desertifikazioaren kontrako zortzigarren Konferentziara eramango dituzte, NBEren erabakiak «asmo hutsean» gera ez daitezen. Gaur hasi eta hilaren 14a bitartean izango den Konferentziaren erabakiak ez dira lotesleak gobernuentzat, horregatik uste dute administrazioak bultzatu egin behar direla arazo handi horri heltzeko. Arazo handia baita: planetako lurrazalaren hiru heren mehatxu larripean daude eta, ondorioz, baita milioika lagun eta animalia ere.

Lur aberatsak antzutzearen kausa nagusietako bat laborantza intensiboa da, produktuak kanpoko merkatuetan saltzeko lur horiek erabilezin gelditu arte ustiatu beharran baitira eskualde horietako bizilagunak, eta desertifikazioaren ondorioz, emigratu beharrean. Eta merkatu eskaerei lotua da beste kausa nagusietako bat ere, oihanak suntsitzea, hain zuzen. Horrek ere hainbat herri autoktonoren habitata eta animaleia eta landare espezie askoren desagertzea dakar, planeta osoaren ingurumenari eragiteaz gain, jakina. Beraz, arazoa ez da munduko bazter bati soilik dagokiona, ez noizbehinka nabaritzen dena. Estrukturala da, milioika lagunen pobrezia eta deserrotzeari esker batzuek etekin ikaragarriak ateratzea berekin duen sistema baita benetako arazoa. Ez alferrik herenegun bildutako erakundeek ezinbestekotzat jotzen dute garatze bidean dauden herrialdeen baldintza sozial, kultural eta ekonomikoak hobetzea. Kausak ezagunak dira, eta basamortutzea moteltzeko eman beharreko pausuak ere ezagunak dira, baina haiek praktikara eramatea ez da erraza izango, interes ekonomiko eta politiko globalizatuek kontrako norabidean baitoaz.

Lehen Mundu delakoan gizarteak ez du arazo horren gaineko kontzientzia osoa, baina administrazioen gaineko presioa beharrezkoa da, lehenbailehen neurriak har ditzaten, orain arteko esperientziak erakusten duenez, ingurumenari dagokionez, hartzen dituzten konpromisoak sinatutako paperetan geratzen baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo