GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Garaiz kanpoko albiste onak

Benetan ontzat hartu behar ote dira albiste onak... erabat garaiz kanpo datozenean? Galdera ez da batere teorikoa, guztiz praktikoa baizik, une honetan azkenetan, hilotz politikoak kareletik botaz dabilen Bush administrazioarentzat. Datorren astean eman beharko ditu kontuak Petraeus jeneralak Kongresuaren aurrean Irakeko hondamendiaz, eta «aurrerapen egokia» oso urruti geratzen zaiola argi dago. Hain zuzen aurrerapen horiexek neurtzeko ezarri ziren hamazortzi irizpideetatik hiru baino ez dituzte eskuratu okupatzaile estatubatuarrek iragan sei hilabete hauetan.

Tenore horretan,oparitzat hartu beharko lukete joan den astean Moqtada al Sadr buruzagi xiiak iragarritakoa, hau da, Mehdiaren Armadak sei hilabeteko su-etena hasten duela, barne berrantolaketa oso sakona burutu ahal izateko. Hasieran adierazi zen bezala okupatzaileen aurkako ekintzak ere su-eten horretan sartuko liratekeela egia izango ez balitz ere, albistea ezin pozgarriagoa litzateke Petraeusentzat... beranduegi ez baletor. Duela sei hilabete jaso izan balu, zein eskergarria egingo zitzaion! «Insurgentzia» deitzen den horren atal nagusienetako bat sei hilabetez geldi, eta gainera ordainik eskatu gabe; a ze pagotxa! Baina orain...

Orain, gerra-esfortzuari eusteko dirutza baimendu behar duten kongresukideei esplikatu beharko zaie ea zergatik den ona Estatu Batuentzat Iraken duten etsai nagusienak (Al Sadr eta bere milizia Al Qaeda baino askoz arriskutsuagotzat jotzen dituzte) bere burua berrantolatzeko atsedenaldi bat hartu izana. Eta zergatik litzatekeen ona egun aldra armatu ezberdinen nahaste-borrastea baino askoz gehiago ez dena sei hilabete barru Irango pasdaranen ereduko alderdi-armada bat bihurtuta itzultzea, Estatu Batuak itsuki gorrotatzen dituen lider karismatiko baten aginduetara. Eta zergatik eman behar den ontzat lobby israelzaleak agintetik bota nahi duen Maliki lehen ministroari helduleku politiko paregabea ematen dion su-eten hau. Eta zergatik...

Orain ikusi beharko da Irakeko herritarrentzat hain ona gertatu den albistea (alde guztietatik txalotu dute Moqtada, gerra zibilaren bidean atzera egiteko lehen urrats praktikoa ikusi duelako mundu guztiak) benetan hain ona ote den Irakeko triskantzan esku hartzen duten beste guztientzat (USA, Iran, Arabia, Al Qaeda, Israel, Siria, Turkia...) ere. Edota probokatzaileen sasoia izango ote den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo