Mozoilo irratiak musika jaialdia antolatu du Galdakaoko jaietan
Galdakaoko festak direla-eta, herriko Mozoilo irratiak ska-punk jaialdia prestatu du ostiralerako. Mozoilo Festival izenpean, Bizkaiko Kosetxa Propia, Suspenders, Quasar eta Akatz eta Madrilgo Begoña Bang Matu y la Orquesta Kingston arituko dira bertan.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Galdakaoko jaietan euren ekarpena egin asmoz, Mozoilo Festival ska-punk jaialdia antolatu du izen bereko herri-irratiak. Kosetxa Propia Galdakaoko Usansolo auzoko taldea, Bilboko Alde Zaharreko Suspenders, Erromoko Quasar, Bizkaiko hiriburuko Akatz eta Madrilgo Begoña Bang Matu y la Orquesta Kingston izango dira jaialdian parte hartuko duten taldeak. Guztiak Ardanza Lehendakaria parkeko agertokian arituko dira datorren ostiralean, iluntzeko hamarretatik aurrera.
Irrati libreetatik datozen edota irratigintzan euren lehen saiakerak egiten ari diren pertsonek osatzen dute Mozoilo irratiko lan taldea eta helburua kulturaren sustapena izan da sortzetik. Hedabidearen ibilbide luzean -70eko hamarkada amaieran «irrati pirata» gisa sortu eta duela hamar urte egoera «legeztatu» zuen, eta publizitatea eta Udalaren zein Diputazioaren diru-laguntzak jasotzen ditu- garrantzia berezia eman izan diote musikari eta, hartara, egun ere estilo anitzeko musikak jorratzen dituzte euren saioetan. Besteren artean, azalpenik behar ez duten «Chill Out», «Metal Rock», «La lista Dance», «Mozoilo in Session», «RecPlay» eta «Zona Ska» irratsaioak eskaintzen dituzte arratsaldeetan. Goizak, aldiz, herri albisteek eta magazineak hartzen dituzte.