EHNEk babesa eman die Elorrioko nekazariei eta AHT gelditzeko eskatu du
Herriko nekazariei AHTk eragingo dizkien kalteen aurrean beren babesa emateko eta proiektua bera eta insituzioek izan duten jokabidea salatzeko elkarretaratzea egin zuten Elorrion. EHNEren ustez proiektuak abeltzain eta nekazari askoren etorkizuna jarriko du arriskuan.
Maider EIZMENDI |
Herriko jaietan bete-betean sartuta egonik ere, Elorrioko bizilagunek AHTren proiektua geldiarazteko eta parte-hartzean oinarritutako prozesu bat abian jartzeko eskatzeko beta hartu zuten atzo eguerdian.
EHNE sindikatuak deituta 200 bat lagun batu ziren atzo Elorrioko plazan. Sindikatu horretako Bizkaiko presidenteak, Mikel Kormenzanak, adierazi zuenez, bi arrazoi nagusi zituzten atzoko elkarretaratzea deitzeko. «Batetik, gure babesa adierazi nahi genien Elorrioko nekazari eta abeltzain kaltetuei, gehienak AHTren proiektuak kaltetuko baititu; eta, bestetik, informazio eza salatu eta hura emateko eskatu dugu. Azken batean, instituzioei informazioa, gardentasuna eta demokrazia eskatzen dizkiegu», azaldu zuen. Alegazioen harira egin diren pausoak ere salatu nahi izan zituzten. «Oro har, trenaren aurka gaude, baina baita proiektu hau aurrera eramateko egiten ari den prozesuaren aurka ere», argitu zuen Kormenzanak.
Pausoak ematen jarraitu
Alegazio prozesuari dagokionean, argitu nahi izan zuen alegazio partikularrak eta kolektiboenak egiteko epea abuztuan zabaldu bada ere, datorren egunetan udalek ere aukera izango dutela gogora ekarri zuen eta zentzu horretan «pauso guztiak ematea beharrezkoa» izango dela gogorarazi zuen.
Atzo egiten ari ziren azoka nagusira bertaratutako askok herriko nekazari eta abeltzainei proiektuak eragingo dizkien kalteen gainean gogora ekarri zutenez, akaso «datorren urtean ezingo dutela beren ganaduarekin azokara joan, AHTk eragingo duen kaltea medio, desagertzekotan egon daitezke-eta».
Elkarretaratzean, zehazki, «SOS Elorrio. Abeltzaintza arriskuan» zioen pankarta erakutsi zuten. Horretaz gain, «Abiadura handiko trenak akabatuko nau, AHTrik ez!» idatzita zuten pankartak ere ikus zitezkeen abereen erakustaldian.
EHNEko ordezkariek «instituzioei informazioa, gardentasuna eta demokrazia» eskatu zizkieten.