«Julio askatu» eta Itoitz eraitsi, Solidarioen eskaerak
GARA |
Itoitzekiko Solidarioek atzo amaitu zuten ostegunaz geroztik egin duten bizikleta martxa. Lau egunez, Itoizko eta Esako urtegiak batzen dituen distantzia egin dute parte-hartzaileek. Atzo Aragoiko Ruestan amaitu zuten ibilaldian bertako bizilagunek herriaren historia azaldu zieten. Era beran, zuzeneko ekintzak eta estrategia kolektiboak nola eratzen diren lantzeko tailer bat egin zuten, antolatzaileek esandakoaren arabera, «interesgarria eta erabilgarria». Bertan bazkaldu eta bizikletak albo batera utzita, autobusez abiatu ziren partaideak Iruñera bidean.
Artean, ordea, zita garrantzitsua zuten Iruñeko espetxean. Bertan dago preso Julio Villanueva kidea. Arratsaldeko zazpiak aldera batu ziren espetxe parean «Julio Askatu!» zioen pankarta baten antzean. Elkarretaratzean izan ziren ere soinu jotzaileak eta albokariak. Era berean, parte-hartzaileetako batzuek dorre moduko bat osatu zuten bata bestearen gainean jarrita eta Itoitzekiko Solidarioen ikur den zapia espetxearen barneko aldera astindu zuten.
Parte-hartzaileek ez dute oraindik baloraziorik egiteko betarik izan, baina oro har gustura daudela adierazi zuten atzo iluntzean. «Jendearen harrera oso ona izan da, batez ere Esako urtegiaren aurka ari direnen aldetik, eta elkar trukatu ditugun esperientziak oso baliagarriak izango zaizkigu aurrerantzeko borrokan», azaldu zuen Itoitzekiko Solidarioetako batek.