GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Bueltako bigarren etapa

Freireren talentua: etapa eta urrea

Helmugarako 2 kilometroren faltan erabaki zen bigarren etapa, erorketa batek 20 bat lagun utzi baitzituen Santiagoko esprinterako

p040_f01_111x111.jpg

GARA | KONPOSTELA

150 egun baino gehiago zeraman Oscar Freirek irabazi gabe; gauza bitxia benetan. Torrelavegako mutilak talentua du gainezka, baina aurten kosta egin zaio garaipena lortzea. Alabaina, sari bikoitza eman zion Bueltak bigarren jardunaldian: etapa eta, bere bizitzan aurreneko aldiz, itzuli handi bateko lidergoa. Ondorioz, urrezko maillota eramango du gaur kantabriarrak.

Zangoetan duen gaitasunaz gain, buru azkarra ere baduela erakutsi zuen Freirek. Santiagon etapa esprintean amaituko zela argi zegoen, baina helmugatik bi kilometrora tropelaren aurrealdean erorketa bat izan zen. Erorketa handia, alajaina, Espainiako Itzulia irabazteko faborito ia guztiak harrapatu baitzituen. Hala ere, ez zen denbora galerarik izan, azken hiru kilometroen barruan gertaturiko erorketa izanik, irabazlearen denbora bera eman zitzaien txirrindulari guztiei.

Erorikoaren ondorioz, 20 bat txirrindularik baino ez zuten etapa garaipenerako lehiatzerik izan, tartean Rebellin, Zabel, Bettini eta Petacchi. Azken kilometroan Fraçaise des Jeux taldeko Phillipe Gilbertek aurreko taldetik jauzi egin zuen eta oso hurbil izan zuen etapa garaipena. Milram taldearen lanak eragotzi zuen txirrindulari waloniarraren garaipena. Petacchirentzat lanean, Zabelek gidaturiko tropelak 200 metroren faltan irentsi zuen Gilbert.

Petacchi ito egin zen, ordea, Santiagoko helmugako aldapatxoan, eta Freire profitatu zen Milramekoen lan bikainaz. Bere atzetik Bettini, munduko egungo txapelduna sailkatu zen.

Ihesaldi bat protagonista

Azken kilometroetako zalaparta gertatu arte Bueltako bigarren jardunaldi honek ihesaldi bat izan zuen protagonista. Relax-Gameko Raul Garcia de Mateok, Manuel Vazquezek, Andalucia-Cajasurrekoa, eta Karpin Galiciako Gustavo Dominguezek 100 kilometrotik gora eman zituzten ihes eginda.

148 kilometroko saioari gogoz ekin zioten hiru protagonistek, bigarren kilometrorako Relax-Gameko mutilak aurrera jo baitzuen. Berehala egin zuten bat beste bi iheskideek. Tropela, artean, lasai zebilen.

Ongi zekiten esprinterren taldeek ez zietela baimenik inola ere emango, baina talde xumeetako kideak izanik, aurreneko egunetan azaltzea ongi etorriko zaie gerorako.

Jakina zen bezala, hirukotearen lanak ez zuen fruitu handiegirik eman, gehienez ere hiru minutu eta erdiko abantaila izan baitzuten. Atzean Benatti liderraren Lampre-Fonditalek kate motzean lotuta zituen iheskideak eta, ahalegin handirik egin beharrik gabe, esprinterako ongi prestatu ziren.

Saunier Duval-Prodirreko Angel Gomezek harrapatu zuen hirukotea tropelak baino lehen. Baina ihesaldiari ez zion bultzada handirik eman laugarren horrek eta Santiagoko helmugatik tropela osorik pasa zen.

Hurrengo kilometroetan topera tiratu zuen tropel nagusiak. Discoveryk Allan Davisentzat, Milramek Petacchirentzat, Lamprek Bennatirentzat, 60 kilometro orduko abiadura hartuta sartu ziren txirrindulariak bigarrenez Santiagon.

Han, abiaduraren eta tentsioaren erruz, erorketa handia izan zen eta Benatti liderra -Koldo Fernandez de Larrearekin demaseko sesioa eduki zuen helmugara bidean erorketaren ondoren- edo Pereiro lako txirrindulariak atzean geratu ziren. Bezperan ez bezala, ez zen kolpe txarrik izan.

Viveirotik Luarcara izango da gaurko etapa. 153 kilometroko jardunaldian zailtasunak hasieran egongo dira, bigarren mailako mendate batekin. Ihesaldietarako egun aproposa dirudi.

Sari Bikoitza

150 egun baino gehiago zeraman Oscar Freirek inolako garaipenik gabe. Atzo, berriz, sari bikoitza eskuratu zuen kantabriarrak: etapa garaipena, alde batetik, eta Bueltako liderrari dagokion urrezko maillota, bestetik.

Erorketa handia

20 bat kide baino ez ziren iritsi Santiagoko helmugara aurreneko taldean. Erorketa handi batek dena zapuztu zuen. Ez zen denbora ezberdintasunik aintzat hartu, erorikoa azken hiru kilometroen barruan gertatu zelako.

Alan Pérez: «Es una pena, veía a Koldo muy bien colocado y con serias opciones»

El corredor de Euskaltel-Euskadi Alan Pérez se mostraba muy apenado por la caída tan cerca de meta, ya que afirmaba que traía «muy bien colocado» a su esprinter Koldo Fernández de Larrea.

«Es una pena. A falta de dos kilómetros íbamos muy bien colocados, pero ha habido un bandazo. Bettini me ha obligado a girar, Koldo venía muy pegado a mi rueda, me ha hecho `el afilador' y se ha ido al suelo. Es una lástima porque lo veía muy bien y tenía serias opciones».

«En el paso por meta vimos que había que colocarse bien antes del repecho. Pero ha habido un momento loco con bandazos y ha sido una pena», confesó.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo