«Baloiarekin atzetik jokatzea gogoko dut, baina jendeak nire azkartasuna aipatzen du»
Osasunako jokalaria
25 urteko baztandarra Osasunan arituko da eta Elizondoko lehen jokalaria izango da. Berak garrantzi handiegirik eman ez arren, herritarrek emandako animoak eskertzen omen ditu. Iaz Gramaneten utzita aritu zen eta 28 partida titular gisa jokatu ostean lehen talderako jauzia eman berri du. Gauzak ongi egin dituenaren seinale. Orain helburu zailagoa du; lehen mailan denbora luzerako tokia egitea.
Ander GARTZIA |
Garai onak dira Taxoareko gazteentzat eta momentuz aldeko haizeak jotzen du Igotzen bizkarreko 15 zenbakian. Ohartu orduko lehen taldeko atzelariekin ari da lanean postu baten bila. Hala ere, lasai dago eta entrenamenduaren aurretik tarte bat izan du GARArekin hitz egiteko.
Lehen taldean geratzeko aukerak zenituela uste zenuen?
Nik denboraldi-aurrea horretarako egin nuen. Nik banekien hasiera-hasieratik lan egin behar nuela eta dena eman nuen. Azkenean saria jaso dut.
Gauzak azkar joan dira. Zer espero du Zigandak zugandik?
Martin Gonzalezek erran zidan denboraldia lehen taldearekin egin behar nuela, erdiko atzelari bat behar zelako, Cuellar Rangers taldera joan berri baitzen. Kukorekin bigarren B mailan izan nintzen Osasuna Promesasen eta, beraz, aurretik ezagutzen ninduen. Bestela, atzelari eta erdilari guztiei eskatzen zaien gauza bera eskatu zidan, segurtasuna. Ezer berezirik ez.
Zurrumurrua izan zen, taldeak beste erdiko atzelari bat fitxatuko ote zuen. Nola sentitu zinen?
Ni lasai nengoen. Denboraldi-aurrea egin behar nuela erran zidaten eta nik horretan ipini nuen arreta osoa. Denok dakigu zurrumurruak zurrumurru direla eta are gehiago futbolean. Beste atzelariren bat fitxatu izan balute ere, nik berdin-berdin jarraituko nuke borrokan. Nik lehen taldean geratu nahi dut.
Erantzunkizunik ba al dakar teknikariek zure alde egin izana atzerrira begiratu gabe?
Lehen mailako jokalari guztiek dute erantzunkizuna, zale ugari baitute atzetik eta inork ez dio jende horri hutsik egin nahi. Erantzunkizuna zuk jartzen diozu zeure buruari, berek ez didate inolako presiorik egin. Egia da atzerritik fitxatu beharrean, etxekoen alde egitean zorrotzago begiratzen dela, baina ni oso lasai nago.
Gorritxo asko bezala, utzita aritu zara, Gramaneten, zehazki. Ekarpenik egin al dizu urte horrek?
Kanpoan aritzean jokalari gisa hazi egin naizela uste dut. Gramaneten baloia gehiago ukitzen landu dut eta urteak joan ahala esperientzia eta konfiantza irabazten joan naiz. Ez da Osasuna Promesas bezala, profesionalagoa da. Biak zeuden multzo berean, hirugarrenean, eta egia esan, oso multzo indartsua zen, profesionala. Lehen mailan eta bigarren mailan aritutakoekin ibili ginen eta horrek indartu egin zuen multzoa. Esperientzia irabazi nuen.
Egoera horretatik hainbat taldekide igaro dira, Krutxaga eta Puñal, esaterako. Zuk ere lehen taldean finkatzea espero al duzu?
Nik egunero entrenatzen dut azkenean helburu hori lortzeko eta ahal dudan neurrian Osasunarekin disrutatzeko. Hala ere, hor gauden jokalari guztiok egiten dugun lan asmo berarekin. Ez naiz bakarra.
Zein bertute nabarmenduko zenuke zure jokotik? Zer duzu hobetzeko?
Baloia atzetik jokatzea gogoko dut baina normalean nire azkartasuna aipatzen du jendeak. Buruz ere ondo nabilela uste dut baina oraindik ere baloiarekin teknika gehiago lortzea gustatuko litzaidake.
Flaño, Astiz eta Etxaiderekin batera atzealdeko etorkizuna zarete. Lehen mailan jarraitzeko aukerarik ba al duzue?
Hori esaten dute baina ezer ez da ziurra. Gero agian kanpotik ekar dezakete jokalariren bat edo beste tokiren batera joan gaitezke. Zaila da iristea, are zailagoa mantentzea. Espero dut hor goian jarraitu ahal izatea baina zaila da. Lesioak etor daitezke, edo edozein gauza.
Eman al dizute aholkurik Krutxagak eta Josetxok, zure maisuak izan beharko luketeenek ?
Bai, asko laguntzen ari dira, uneoro animatzen. Gehienbat zelaian bat-batean gertatutako gauzak komentatzen dizkidate. Gainera gu etxekoak gara eta berek ere gauza bera bizi izan zuten. Oso ongi portatu dira, eta asko erraztu dizkigute lanak.
Badirudi Ziganda etxekoen aldeko apustua egiten ari dela.
Bai, ikus daiteke harrobiko jokalariak irteten ari direla. Joan den denboraldian aukera hori izan zuten eta guri ere aukera bera eman digu aurten. Iaz kopan minutu aunitz izan zituzten. Guk itxaropen bera daukagu baina hori Kukoren eskuetan dago.
Harrobiaren alde egin behar al du apustu Osasunak?
Baietz uste dut. Osasunak ez dauka talde handienek duten dirua. Azkenean, harrobiko jokalariak atera behar ditu. Iaz ere apustu hori egin zuten etxekoekin eta oso ondo atera zen, eta gauza bera Agirrerekin. Gainera, urte hartan Osasunak inoizko posturik onena berdindu zuen, laugarrena.