GARA > Idatzia > Musika

Udazkena gainean dugu jada eta Durangoko azokan jasoko den soinu uzta ernaltzen hasia da

Durangoko Azoka dugu ezbairik gabe euskal diskogintzaren erakusleiho nagusia. Basamortu erdian ageri den oasiaren gisa, bertara begira prestatzen dituzte disko etxeek argitalpenak, eta aurtengoan ere hasiak dira lanean. Hona guk aurkitu ditugun iragarpenak.

p054_f01_163x14.jpg

Anartz BILBAO

Honezkero aski ezagunak ditugun disko etxe nagusiez gainera badira Euskal Herrian makina bat argitalpen eta proposamen txiki, sarri musika ildo jakin bati lotuak eta arras interesgarriak. Horietariko bat baino gehiago, halabeharrez, kanpoan geldituko zaizkigula jakinda ere, denboraldi berriak eskainiko dizkigun gutizien bila aritu gara, sakela astintzeko prestatzen joan eta berrikuntzen ilusioa mantentzeko.

Argitalpen kopuruari eta pisuari begiratuta, Elkar aipatu behar. Euskal letren erraldoiak sorta ederra du aurkezteko. Horien artean, Gari kantari dotorearen laugarren lana, «Esperantzara Kondenatua». Rock indartsuz osatua, Fran Iturbe gitarra-jotzaile finak lagundu du Hertzainak taldeko abeslari ohia irailaren 27an plazaratzekoa den lana prestatzen. Legazpiarra bezain trebatua dugu Jabier Muguruza bakarlaria. Irungo artista hastapenetako disko etxera itzuli da bere bederatzigarrena, «Konplizeak», emateko. Joera intimoa mantenduz eta hitzei garrantzi berezia emanez, Angel Unzu musikaria eta Mireia Otzerinjauregi izan ditu alboan beste behin eta Martirio eta Duquende gonbidatu ditu urriaren 11n aterako omen den lana kolorez janzteko. Beste klasiko batek, Antton Valverdek, Charles Bordes frantziarrak XIX. mendean bildutako Ipar Euskal Herriko «Hamabi Amodio Kanta» abestuko ditu. Karlos Gimenezen moldaketak jaso ditu lan monografiko honek (urriaren 25ean kaleratzekoa).

Sorta osatzeko, Oskorri folk taldearen 11. Pub Ibiltaria (urriak 18), Mikel Laboaren «Lekeitioak» (azaroak 22) CD formatuan eguneratua, eta txikienentzako proposamenak. Batetik, «Handitzen, Handitzen» bilduma (azaroak 30), eta bestetik, Txirri, Mirri eta Txiribiton betiko pailazoen «Sudur Gorria» (azaroak 8). Urriagoa dugu talde bereko anaia gazteenak, Oihukak, dakarren proposamena. Lehenengoa eta berrikuntza gisa, Governorsen rock indartsua. Fjork eta Ekon taldeetan aritutako Juan Sangre da laukote arrasatearraren buru. Haritz Harreguyk irarri eta Soziedad Alkoholika taldeko Jimik ekoitzia, irailaren 27an ikusiko du argia. Bigarrena, disko etxe gipuzkoarraren aurtengo apustu gogorra dugu: Ken Zazpi. Bizkaitarrek Gor utzi eta Oihuka aukeratu dute hirugarren lana plazaratzeko. Bi lan eta zuzeneko bat argitaratu zituen taldea aspaldian dabil lokalean itxita Rafa Sardinak ekoitziko duen lana prestatzen. Jatorriz euskal herritarra, lan ugari egin ditu egun Los Angelesen bizi den eta Grammy Latindarra irabazi duen ekoizleak, tartean Mariah Carey, Alejandro Sanz edo Stevie Wonderrekin. Etzi, larunbata, hasiko dira irarketa lanak, diskoa azaroaren erdialdera argitaratzeko. Esan, kanpora begira eta bonus track gisa katalanez eta ingelesez ere emango dituztela bi kantu.

Gaztelupeko Hotsak etxeak ere ondo finkatuak dauzka lanak, gehiago ere hel daitezkeen arren. Hurbilena Txuma Murugarrenen bakarkako bosgarren lana da, «Marjinalia». Datorren astera aurreratu dute Bilboko Koba estudioetan Xanpe (PLT, Gu eta Gutarrak) teknikariarekin irarritako lanaren argitalpena. Ekoizpena Txumak berak egin du Rafa Ruedaren laguntzarekin eta gonbidatu gisa Asier Ituartek (Joxe Ripiau, Sagarroi) tronboia eta tuba txikia jo ditu. Hitzetan, Txumarenak ez ezik, Angel Erro eta Xabi Borda poeta gazteenak. Urrirako, Keu ondarrutarraren UEK hirukoteak ere -zuzenekoetan taldea trinkotu ondoren- prest du Haritz Harreguyren laguntzarekin Garaten irarritako lana, «Uhinak» izenekoa.

Gitarra-jotzaile trebe eta kantari aparta, Petti nafarrak laugarrena, «On», argitaratuko du urriaren erdikaldera. Rafa Rueda lagunak lagundu eta Pettik berak ekoitzia, ohiko dituen alde elektrikoa eta akustikoa ekarriko ditu diskoak, erdibana. Joserra Senperenak ere prest du bere «Dardaren Interpretazioa». Hirukotean emana, Pedro Barcelo bateria eta Miguel Rodriguez kontrabaxuaren laguntzarekin, pop kutsuko 12 instrumental bildu ditu Harkaitz Canoren hitzak laguntzeko.

Hauetatik aparte, «Stay Blues» eta «Surfin Kaos» donostiarren bigarren lanak, Señor No eta Roy Loneyk irarriko dutena edo Errabal etxeak plazaratuko dituen Mikel Andonegiren «Four Brothers & a Ghost» eta bestek ere izango dute tokia Durangon.

Baga Biga disko etxe bizkaitarrak dozena erdi lan berri prestatu nahi ditu, katalogoa indartuz. Finkoen artean, Ondarroan Santos anaiekin irarri duen Muted metal taldearen bigarrena (urri bueltarako) eta oraindik irartzear den Etsaiak beterano lekeitiarren lan berria. Ondarrutarrik gabe (Keu eta Mikel), Paul, Iñigito, Auo eta enparauak hastapenetara itzuliko dira.

Nafarroako Gor disko etxeak literatura eta musika uztartuko ditu Katamalo ikuskizunarekin. Besteak beste, Gorka Urbizu (Berri Txarrak) musikariak eta Gotzon Barandiaran idazleak hartu dute parte egitasmo akustiko txukun honetan. Honez gainera, Berri Txarrak nafarren «Zertarako Amestu» DVDa plazaratuko dute, «Jaio-Musika-Hil» bira, zuzenekoak (Asian eta Europan emandakoak eta datorren astean Gernikan eskainiko dutena), elkarrizketak eta abar jasoko dituena.

Bonberenea Ekintzen banaketaz ere arduratuko dira Gor disko etxekoak. Tolosarrek Deabruak Teilatuetan taldearen berragerpena jasoko dute «1973» diskoan. Bertan ekoitziko dituzte Zea Maysen lan berria eta baita Jone bakarlariaren «Kateak» eta Hodeiertz abesbatzaren «Umama II» bigarrenak ere.

Babel Musikek lau talde berri, lau debut eta sorpresaren bat. Bata, Arbaso ondarrutarren metala, «Bizitzaren Helmugan». Besteak, urri bueltarako espero diren Trapatoni Circus Banden «Revolution» ska doinuak, zelta ukitu finak dituen Seiren taldearen popa, «Pertsona Baten Bila», eta Enas punk rock taldea, hirurak Zornotza ingurutik.

Hirusta disko etxeak Joseba Irazoki gitarra-jotzaile beratar apartaren «Pobre Gara» du prest, Belardiango musikariekin laukotean. Baita Siliconayren bigarren lana ere, «Piztu Sua». Bukatzeko, eta umeentzako, «Kanta Txikiak» egitasmoaren laugarren atala.

Ska-reggae eta punk-rock & roll doinuetan espezialistak, Brixton Recordsek Akatz bizkaitarren lan berria plazaratuko du «Brixton Cats III.» bildumarekin batera, eta GP Recordsek geroxeago, Chico Boom eta Lauroba urte hasieran.

Bukatzeko, Noizpop. Kantitateari baino kalitateari zorrotz begiratu ohi dion disko etxe bizkaitarrak lau lan berri eskainiko ditu udazkenerako. Xabier Montoiak aspaldi prestatu eta nahi baino gehiago luzatu zaion «Deus Gutti» lan minimalista, egongelan lasai entzutekoa. Aurki plazaratuko den Audience gernikar bikainen hirugarrena, «Tryeing Wings On Roots». Aurtengo Bilbo Hiria lehiaketa irabazi duen Le Noisen «El Camino a Casa», kantu instrumentalak eginez eta Doubtful nafarren «TV Or Not TV», UnderHill Recordsekin batera plazaratua.

Eta ahaztuko zitzaizkigun guztiak. Bada zer eta non aukeratu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo