GARA > Idatzia > Euskal Herria

Araba Errioxako euskaltegiek matrikulazio kanpaina abiatu dute

GARA | OION

«Euskara ere urratsez urrats» leloa lagun, Arabako Errioxako IKA euskaltegiak 2007-08 ikasturteko matrikulazio kanpaina egiteari ekin dio. Hala, euskara ikasi nahi duen ororengana iristeko asmoz Euskaltegiak hainbat informazio bilera prestatu ditu hurrengo egunetarako.

Lehena, iralaren 10ean izanen da, Logroñoko `Piedra de Rayo' aldizkariak San Juan 28an duen egoitzan, arratsaldeko 20.00etan. Irailaren 11n, aldiz, Laguardiako euskaltegian egingo dute ordu berean. 12an, Oionek hartuko du lekukoa ordu berean eta euskaltegian ere. Ostegunean, Mendabiako Gazteen jolastokian izango da bilkura; 14an Lantziegoko eta Bilarko ikastolan, azken hori ordubete geroago, 21.00etan. Irailaren 17an Samaniego eta Villabuena herrietan eta 18an, Bianan. Eltziego eta Lapuebla de Labarcak 20an izango dute bilkura, Kultur Etxean eta Ikastolan, hurrenez hurren. 21ean amaituko dira bilkurak eta Lezako kultur etxea izango da bileraren topalekua. Hori ere, 20.00etan izango da.

Taldeen antolaketa

Bilkura horietan, zenbat ikasle, zein maila duten eta zein ordutegi izan dezaketen aztertuko dute. Hartara, behin bilera guztiak amaituta, taldeak osatuko dira eta saiatuko dira ahalik eta jende gutxien taldeetatik kanpo uzten.

Bileretara joateko betarik ez duten horiek Oiongo euskaltegira joan daitezke izena ematera edota bertako telefonora deitu dezakete: 945 60 10 87.

Distantzia dela edota ordutegia dela, taldeetan parte hartzeko aukerarik ez duten pertsona horiek ordea, badute euskara ikasteko beste aukera bat. Izan ere, Arabako Errioxako IKA euskaltegiek Hezinet eta Boga programak eskaintzen ditu nork bere etxean ikasi ahal izateko.

Errioxako IKA euskaltegiek esandakoaren arabera, iaz 139 ikasle izan ziren bertan. Horietako 34k Internet bidez ikasi zuten euskara eta gainerakoak 12 taldetan banatu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo