GARA > Idatzia > Mundua

KRONIKA | ISRAELDARREN ERASOAK

Qalqiliako harresiaren irekitze momentuaren zain

Israelek altxatutako Harresiak ia toki guztietatik inguratzen du Qalqilia hiria. Borobil bat egiten du herri honen inguruan eta solik pasabide bat utzi diete bertako biztanleei hiritik sartu eta ateratzeko.

ASKAPENEKO BRIGADA PALESTINAN

Israelgo Armadaren kontrolpean dago igarobide hori eta Qalqiliako biztanleak denbora luzez itxaron behar dute bertatik pasatzeko, bero haundiarekin (uda partean aise iristen dira 45 gradura) gehienetan.

Harresia altxatu baino lehen, Qalqilia merkataritza gunea zen. Inguruko herrietatik erosketak egitera bertaratzen ziren. Baita ere 48ko lurraldeetatik (1948an izandako banaketan Israel Estatua delakoaren parte den lurraldea: bertan palestinar asko bizitzen dira). Orain hori guztia egitea ezinezkoa da, Qalqiliara joatea debekatuta baitute 48ko lurraldeetan bizi direnek. Besteentzat ere, oso zaila da. Ondorioz, ekonomikoki une latzak ditu egun Qalqiliak. Biztanle gehienek ez dute lanik. Hori dela-eta, Palestina osoan bezala, biztanleriaren dependentzia ekonomikoa bultzatzen dute bai Israelek bai EBk zein AEBek, beti ere Al Fataren laguntzarekin.

Qalqilian ez dago lan egiteko aukerarik lantokietan eta etxera soldata eramateko gai diren bakarrak Aginte Palestinarraren menpe daude soldadu eta poliziakideak dira.Gehienak ere, zailtasunak izan dituzte haien soldata kobratzeko AEBek eta EBk Hamasek hauteskundeak irabazi zituenetik ezarri duten blokeoa dela-eta. Palestinako politika erabateko kontrolpean edukitzea azken neurria baino ez da blokeoarena.

Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF, marxista) kide batek esaten zuen bezala, «Oslok ekarri gaitu egoera honetara. Orain ez dugu diru-laguntzarik behar, baizik eta okupazioa- rekin amaitzea. Dependentzia gainditzeko Hamas eta Al Fataren sasi-irtenbideak albo batera uztea ezinbestekoa da, horrela Palestina osoa aske izan ahal izateko. Palestinarrek sinatu dituzten sasi-akordio guztiak gauzak okertzeko baino ez dute balio izan. Ongi erakutsi digute soilik borrokarekin lortuko dugula benetako independentzia gure herriarentzat».

Ospitalera joateko Harresia inguratu eta checkpoint bakarretik pasa beharra dago. Orduak behar dira normalean hori egin ahal izateko. Hori dela-eta, hildakoak ere izan dira kontrol horietan. Horietako askok haurdun zeuden emakumeak ziren.

Orduak itxaroten

Herri batzuetako haurrak ere zailtasunak dituzte eskolara joateko. Israeldarren nahien menpe daude. Harresiak haien etxeak eta eskola banatu egiten ditu. Atea noiz irekitzen duten orduak eta orduak itxaron behar dute askotan. Inguruko herrietan oraindik ez dituzte porlanezko paretak altxatu.

Elektrizitatedun hesiak dituzte herriak banatzen. Goialdean kamarak dituzte dena kontrolatzeko. Hesi horren alboan zuloak egin dituzte, arantzadun alanbrez jositakoak, inor ez pasatzeko. Igarobide bakarra Israelgo soldaduek kontrolatzen dituzten ateak dira.

Harresiaren altueraren batez bestekoa 8 metrokoa da, baina toki batzuetan, Jerusalemen kasu, 12tara heldu daiteke. Lurraren azpian ere bi metro sartzen da Harresia, pasabideak egitea oztopatzeko. Harresiaren ondoan, Israelgo Armadak erabili ahal izateko errepide zabalak jarri dituzte. Kontrol postuak ugariak dira Harresi osoan.

Eraikuntza hori aurrera atera ahal izateko, lurrak lapurtu dizkiote Palestinako nekazariei, hain zuzen. Ohar bat utzi zieten haien lurretan eta Harresia altxatzen hasi ziren. Nekazari horiek bi zatitan banatuta dituzte orain euren lurrak. Ezin dira harresiaren beste alde batera joan lurrak lantzeko.

Qalqilia inguruko Juos herriko Salah Taher-en kasua da. Bere lurrak Harresiaren beste aldean daude. Israeldarrek ematen duten baimen berezia beharrezkoa da Juos ondoan dagoen atetik pasatu ahal izateko. Ate hori soilik bi aldiz irekitzen da egunean. Lehena goizeko 7etan eta bigarrena arratsaldeko 4etan. Baina Taher-entzat ate hori zeharkatzea ezinezkoa da. Espetxean egon zen eta ez diote baimenik ematen. Ondorioz, bere lurretan ereindakoa galdu egin du.

Qalqilia adibide bat baino ez da, beharbada latzenetarikoa, baina Harresia Palestina osoan dago. Dena den, Harresiaren lanak Qalqilia hasi izana ez zen kasualitatea. 48 lurretatik oso gertu dagoen hiri handia da (45.000 biztanle daude Qalqilian eta beste horrenbeste orain banaturik dauden inguruko herrietan) eta herri borroka historia luzea da.

Datu esanguratsu bezala, bigarren intifadan soilik Qalqilian 450 martiri egon dira.

Israelgo koloniak eta herri palestinarrak banatzen ditu ere Harresiak. Eta banaketaren orduan, Israelek bere aldera egin du nabarmen. 1948ko «muga» ez dute inolaz ere errespetatu eta Zisjordaniako kilometro karratu ugari lapurtu dituzte. Berriz ere. Israelgo egitasmoak osotasunean betetzen baldin badira, Zisjordaniako lurren %42a ostuko lituzkete. Israelek nazioarteko legediaren aurka artitzeko duen inpunitatearen beste adibide bat baino ez da Harresiarena, betiere AEBen laguntzarekin.

Gauetan, ez da Harresirik. Baina Qalqiliatik 48ko lurraldeetan dauden itsasertzeko hirietako argi modernoak aise ikusten dira. Artean, Qalqilia iluntasunean murgildurik dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo