GARA > Idatzia > Musika

Kaleko Musikarien Nazioarteko VII. Topaketa hastear dago Bizkaian

Basaurin, Erandion, Leioan eta Sestaon izango da Musikale irailaren 14tik 16ra. Euskal Herritik, Galiziatik, Portugaldik, Estatu frantsesetik, Alemaniatik, Italiatik, Indonesiatik eta Afrikatik etorriko dira taldeak.

p057_f01.jpg

Ianire RENOBALES | BILBO

Kaleko Musikarien Nazioarteko VII. Topaketa atzo aurkeztu zuten arduradunek Bilbon. Aurten, Basauri, Erandio, Leioa eta Sestao izango dira parte-hartzaileak. Irailaren 14an, 15ean eta 16an musikaz gozatu ahal izango da herri horietako kaleetan.

Egun osoan arituko dira bandak. Erritmo tradizionalak, blues edo jazz-arekin elkar nahasiko dira. Goizez, 12.30ean hasiko dira, eta arratsaldez, 19.30ean. Salbuespen bakarra irailaren 14a da, arratsaldean soilik aterako direlako kalera.

Aurtengo Musikalen parte hartuko dute taldeak honakoak dira: Mac Jeara's Band eta Trikileku (Euskal Herrikoak), Ausentes do Alentejo eta Dixie Gang (Portugalgoak), Banda de Gaitas o Pedron (Galiziakoak), Tetaclak (Estatu frantsesekoak), Express Brass Band eta Paspartout (Alemaniakoak), Eurobig Band eta La Titubanda (Italiakoak), Sokan (Afrikakoak) eta Sinar Bulan & Gong Tirta (Indonesiakoak).

Mac Jeara's Band kontserbatorioko eta musika eskoletako irakasle gazteen jazz banda bat da. Euren helburua New Orleansen joan den mende hasieran bizi zen musika giroa bazter guztietara zabaltzea da. Talde horrek kontzertuen bitartez entretenitzea du xede. Herriko kaleak, bazkariak edo afariak girotzen dituzte euren erritmoarekin.

Trikileku trikitia sustatzen ari da 2002tik. Batetik, trikitia eta bere inguruko instrumentuen irakaskuntzan dihardute, eta bestetik, euren egitasmoarekin bat egiten duten ekitaldietan jotzen dute, bereziki Bizkaian. Gaur egun, 200 ikasle inguru dauzkate Bilbon, Portugaleten, Getxon, Erandion, Urdulizen edo Sopelan, besteak beste.

Aurten antolatzaileek izan duten aurrekontua handiagoa izan da. 250.000 bat euro erabili dituzte Musikale prestatzeko; izan ere, aurten musikari gehiagok parte hartuko dute, 200dik gora musikarik, alegia.

Ibilbideak berdinak izango dira topaketa iraun bitartean, baina taldeek egunero leku ezberdinak bisitatuko dituzte.

Basaurin Sozial Antzokian eta oinezkoentzako alderdietan zehar ibiliko dira.

Erandion, bi hirigune izanda, bide ezberdinak egingo dituzte. Lehenengoan, Altzagan, Kiroldegia, Tartanga, metroa, Geltoki etorbidea, Jado, Ibarra, Obieta eta Irailaren 23a plaza bisitatuko dituzte. Bigarrenean, Astrabuduan, Josu Murueta plaza, Bilboko Kontsulatua, Etxegorri, Lurberri, Trabudu plaza, San Lorenzo eta Jose Andres Mendiguren plazan egongo dira.

Leioan ere bi ibilbide izango dituzte. Lehenengoa, Kultur Leioa, Jose Ramon Aketxe plaza, Estartetxe eta Iparragirre. Bigarrena, aldiz, Kultur Leioa, Jose Ramon Aketxe plaza, Bulebar, Ikea Barri plaza eta Sakoneta kiroldegia.

Amaitzeko, Sestaon, Kasko plaza, La Pela, San Pedro plaza, Lorenzo Llona, Gran Via eta San Diego aukeratu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo