GARA > Idatzia > Ikusmira

«Kasu eredugarri» bilakatu nahi dute Cahors-ekoa

Parisko fiskalak, Jean Claude Marin-ek, iragarpen guztiz onargaitza egin zuen atzo. ETAren aurkako operazio polizialetan ez da oso arrunta atzo gertatu zena. Lau ustezko ETAko kideak oraindik ere epaile aurrean noiz eramango zituzten zain zirelarik, fiskalak prentsaurrekoan azaldu zituen bere asmoak. Oraindik goiz da jakiteko ea kasu berezi baten aurrean gauden edo hemendik aurrera atxiloketen ostean horiek bezalako agerraldiak egingo dituzten. Sarkozy lehendakariak segurtasunarekin lotura duten gertaerak «justizia eredugarria» defendatzeko erabiltzeko joera handia du. Azken hilabeteotako aurrekariak ikusita, atzoko fiskaltzaren jarrera zuhurtziaz hartzeko arrazoiak izan badira. Marin-ek Cahors-en atxiloturiko lau euskal herritarrei biziarteko kartzela zigorra ezar diezaieketela ohartarazi zuen. Adierazpen horrekin, lehenengo eta behin, atxilotatutakoen defentsa eskubidea zanpatu du. Eta bigarrenik, azken urteotan Estatu frantsesak zabalduriko bidean -kartzela zigorrak handituz doaz etengabe- jauzi handiagoak emateko prest dagoela adierazten du fiskalak erakutsitako jarrerak. Estatu espainolean biziarteko zigorra ez badago ere, ezohiko lege erreformen bidez, justiziaren aurkako neurri hori jadanik indarrean dagoela esan daiteke. Halakoek sufrimendua handitu baino ez dute egiten, gatazka politikoa konpondu beharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo