Portugal «euskaldunen kontrako gudan» ez sartzeko galdegin dute
ETAk Portugalen izan ditzakeen kide eta azpiegiturak ikertzeko herrialde horretako eta Estatu espainoleko poliziakideek osatutako talde bat osatuko dutela iragarri dute bi herrialdeetako Barne ministroek. Politica Operaria taldeak gogor salatu du polizia ekimen berri hori, eta Portugalgo presidenteari leporatu dio auzi horretan Madrilen aginduetara egotea.
GARA |
Iragan astean, Barne ministro espainolak eta portugesak adierazi zuten bi estatu horietako poliziakideek osatutako taldeak sortuko dituztela, ETAk Portugalen izan lezakeen azpiegitura eta burutu ditzakeen ekimenak ikertzeko. Euskal Herriarekin elkartasunezko harremana duen Politica Operaria taldeak gogor salatu du polizia ekimen berri hau, bere iritziz «paranoia `antiterrorista' erabiltzen duelako Poliziari botere handiagoa emateko; Gobernu portugesa Estatu espainolak duen arazo batekin lotzen duelako; eta lehen urratsa delako Madrilen menpeko iberiar integrazio poliziala sortzeko».
Talde horren aburuz Portugaleko lurraldean egon litezkeen «`talde terroristen' gainean sortutako kontua aitzakia bat baino ez da Poliziaren kanpaina bat abiatzeko euskaldunen kausarekin elkartasuna adierazten dugunon kontra». «Aitzakia bat baino ez da jazarpena, entzunketa telefonikoak eta izua areagotzeko» gaineratu du Politica Operariak prentsa ohar batean.
«Madrilgo aginduak jaso»
Talde horrek uste du Gobernu espainolak, beste hainbat lekutako agintariek bezala, «mundu mailako `terrorismoaren kontrako gudaz'» baliatu nahi duela, eta, ironiaz, zera aipatu du: «Bushek gaitasuna badu bere aliatuei eskatzeko soldaduak bidaltzeko Irak edo Afganistanera, zergatik ez dio Zapaterok Socratesi eskatuko euskaldunen kontrako guda zikinean lagun diezaion?».
Hori esan ostean, Portugaleko presidenteari zuzendu eta honakoa salatu du: «nahikoa ez Washington eta Bruselari men egitearekin eta orain Madrilen ere aginduak jasotzen ditu».
Politica Operariak ez ditu bere kritikak Gobernu portugesera mugatzen, eta PCP edo BE talde politikoak aipatuz, leporatu die «isilik egongo direla» gertakizun horien aurrean, «beldur direlako auzi horretan jarrera irmo eta argi bati eutsiz gero, ez ote dieten leporatuko `terroristen lagunak' izatea».
Alde horretatik, Portugalgo ezkerrak duen «doilortzea» salatu du prentsa oharrak, eta gogoratu du ezker horrek berak «eskatu zuela ondoko herrialdeetako errepresaliatu politikoei lekua egitea».
Horregatik, ezkerreko lagun eta taldeei eskatu die polizia ekimen berri horren kontra agertzeko eta ez onartzeko «Estatu espainoleko independentistei terrorista deitzen».
Politica Operaria: «independentisten jazarpenean Estatu espainolari laguntzeak, lagundu egiten dio estatu horri Portugal bere egiteko asmoan».