GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bi alarde eginda berdintasuna ez dela bermatzen salatu du Udalbiltzak

GARA |

Larunbat honetan izango da Hondarribiko alardea eta Udalbiltzak horren inguruan duen iritzia plazaratu zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Hondarribiko Udalak hartutako erabakiaren kontra azaldu zen, bere iritiziz, bi alarde izateak ez duelako emakumeek jaietan berdintasunean parte hartzeko aukera bermatzen.

Izan ere, nazio erakundearentzat, «Udalak jaietako ekitaldi nagusi bati, alarde tradizionalari, eusten badio, Hondarribiko festak ez dira izango herritar guztien festak, alarde tradizionalak emakumeen parte-hartzea debekatzen duelako».

Are gehiago, «berdintasuna lantzea eta ziurtatzea» ez dela «emakumeei gune batzuk bideratzea, itxurak egiteko; aitzitik, berdintasuna diskriminatzaileak diren ekimen guztiak bukaraztea da».

Berdintasunaren Legea

Halaber, Udalbiltzak EAEko Gobernuaren Berdintasunaren Legeak erakundeen «aurpegia zuritzeko» baino ez duela balio izan kritikatu zuen, ez baitu «arazoa inolaz ere konpondu», eta berdintasunerako eskubidea urratuko delako. Horregatik, nazio erakundeak alarde bakar, publiko eta berdintasunezkoaren aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen.

Bilgune Feministak ere kritikatu zuen instituzioen jarrera, eta «Hondarribiko herritar guztien lotsa izan beharko lukeen plastiko beltz iraingarria kentzeko eskaerari uko egin izana» salatu zuen. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela gaineratu zuen eta, horregatik, Jaizkibel konpainiarekin bat egiteko eta parekidetasuna aldarrikatzeko deia egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo