GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekoizpen biologikoen aldeko «Asunak» festak 7. edizioa ospatuko du Hazparnen

p016_f03_56088.jpg

Eneritz ZABALETA |

Urtero bezala, aurten ere laborantza biologikoa sustengatzen jarraituko du «Asunak» ekimenak. Zazpi urte pasa dira topaketak lehen aldiz abiatu zirenetik, eta ordutik etengabe hazten ari den ekimena da «Asunak». Aurten ere, egitarau zabal eta abertsa prestatu dute Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Emaztek Diote, Eihartzea, CDFAA Hazparne eta Ekonekazaritza, elkarte antolatzaileek.

Irailaren 15aren eta 21aren asteburuetan zehar, mintzaldiak, topaketak, bideo emanaldiak... eta beste hainbat ekimen iraganen dira Hazparne inguruan. Ekimen guztien helburu nagusia, kalitatezko laborantza eta bereziki ekoizpen biologikoa ezagutarztea eta promozionatzea da.

«Asunak» topaketen lehen ediziotik ukan duen harrera eta arrakasta ikusirik, aurten ere ez da faltako merkatu biologikoa. Irailaren 23an, Hazparneko plazan Euskal Herriko ekoizle biologikoen mozkinak ezagutu eta erosteko parada izanen da . Merkatuak harrera ona dauka herrian, eta urtetik urtera hazten ari da. Erraterako, aurten inoiz baino ekoizle gehiago egongo dira Hazparneko plazan, 30 izanen baitira haien ekoizpenak erakutsiko dituzten laborariak. Feria, laborantza bilogikoari buruz gehiago jakiteko hitzordu aproposa izanen da, plaza osoan zehar informazio mahainak egonen baitira denen eskuragarri.

Hitzaldi eta eztabaidak

Urteroko merkatu biologiko tradizionalaz gain, eztabaidarako eta hausnarketarako hainbat hitzordu proposatuko dituzte antolatzaileek. Horrela, Claude Aubert agronomo eta ikerlariak bi hitzaldi emanen ditu «Pestizidak eta osasuna: eskandaloak aurrera darrai» gaiaren inguruan. Aubertek pestizidei buruko inkesten emaitzak biltzen lan handia egin du, eta hitzaldian, bertan ikusi dituen datu esanguratsuenen bilduma eginen du. Irailaren 21an Donzaharren izanen da Aubert, eta 22an Baionan. Horrez gain, irailaren 23ko merkatuan, Pierre Gewaertek «etorkizuna baserritarra izanen da» hitzaldian, gizarte ruralago baten aldeko proposamena aurkeztuko du.

Bestalde, aurten lehen aldiz, «Asunak» topaketen antolatzaileek laborariei berei zuzenduriko aurkezpenak antolatuko dituzte. Batetik, irailaren 15an, Irulegiko ardoa biologikoki ekoizten duten ardogileen aurkezpena eginen dute. Bestetik, irailaren 21ean laborantza eramangarrirako erabiltzen diren tresna eta makinak aurkeztuko dituzte. Bi aurkezepen hauen helburua, laborariei ekoizpen biologikoa eramangarria dela eta ohiko arazoei erantzuteko gai dela erakustea da. Ekimen hauekin, laborari gehiagok laborantza biologikoraen hautua egin dezaten lortu nahi dute antolatzaileek.

Azkenik, topaketak irailaren 26an zine emanaldi batekin bururatuko dira, «Kalapiten polena» filmarekin. Filman, erle hazleen adibidearen bidez, JAOen polenak beste landareak kutsatzen dituela, eta erleen osasuna kaltetzen duela erakutsi nahi dute. Antolatzaileen ustez, filmak «JAO eta kalitate ekoizpenek ezin (dutela) elkarbizi» erakusten du. Ondorioz, gobernuari bien artean «bat aukeratzeko» eskatzen diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo