GARA > Idatzia > Real Sociedad

Adierazpenak

Ausardia eskatu baina ilusioa mugatu du Colemanek

Jokalariei erasoan sortzaileagoak izateko eskatu zien, baina igoeraren helburuaren abiadura moteldu zuen

p038_f02_148x108.jpg

Jon ORMAZABAL | DONOSTIA

Bi jardunaldi eta Kopako kanporaketa bat behar izan ditu Chris Coleman Realeko entrenatzaileak Bigarren Mailaren gogortasunaz jabetzeko. Zailtasun honek eta denbora tarte honetan Realak emandako itxura eskasak hasieratik ondo ikasia zuen diskurtsoa aldatzera eraman dute galestarra eta hala, kontraesan moduko batean erori zen atzo jokalariei azken metroetan anbizio eta atrebentzia gehiago eskatu ostean, Lehen Mailara igotzeko helburuari mugak jarrita.

Denboraldi hasieran taldearen helburu bakarra igoera zen bitartean, asteburuko emaitzez haratago, bi omen dira orain txuriurdinen helmugak. «Mundu guztia igoeraz ari da, presioa hor dago baina taldeak %100 eman behar du hori lortzeko. Baina honekin batera, taldeko gazteak hezitzen jarriatu behar dugu, beraiek baitira taldearen etorkizuna, eta horretarako partidak jokatu behar dituzte. Denboraldi amaieran igoera lortu badugu bikain, bestela etorkizunerako bidea egingo dugu jokalari hauen maila hobetuz».

Babeserako argumentu bezala, Colemanek gogoratu zuen hamabi izan direla iaz minutu asko jokatu zituzten taldea utzi duten jokalariak, fitxaketak bi besterik izan ez diren bitartean. «Ez dut halako beste kasurik ezagutzen. Arrakastarako bidea ez da erraza baina ez dugu hartutako bidea aldatuko».

Jokoan egin beharreko hobekuntzen artean erasoko jokoak kezkatzen du gehien Coleman, «Las Palmasen kornerretik hartutako gola salbuespena izan baitzen eta gainera Asier riesgori falta egin ziotelako».

«Imaginazio gehiago»

Aurkariaren atearen aurrean oso antzu agertu da Reala orain arte, hiru partidetan gol bakarra eginez eta gainera penaltiz. Ahuldade horri buelta emateko, «anbizio gehiago eduki eta ausartagoak eta sortzaileagoak izan behar dugu zelaiko aken herenean. Arriskutsuagoak behar dugu izan, azken pasean hobetu eta jokalari gehiagorekin heldu aurkariaren atera». Galestarrak adierazi zuenez, oraingoz ez da posible izan denboraldiaurrean aipatutako joko erasokorra, baina arerioek ez diote horretarako inolako erraztasunik eman orain arte jokatutako hiru partidetan.

Igandean Poli Ejido, sailkapeneko azkena, izango da bisitari Anoetan baina partida ez da erraza izango, are gutxiago, taldeko bi aurrelari garrantzitsuenek, Skoubo eta Delibasicek, jokatzerik ez dutela izango kontuan hartuta. Colemanek aurreratu zuen Sanseko Agirretxe eta Viguera deialdian sartuko dituela, Gari eta Diaz de Zeriorekin batera. Las Palmasen bezala Aranburuk punta erdi lanetan errepikatzea ez zuen baztertu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo