GARA > Idatzia > Musika

Massive Attack bikoteak trip hop erasoa joko du Bizkaian estreinakoz

Trip hop edo Bristol hiriko soinuaren aitzindari, egun «3D» eta «Daddy G»-k osatua dagoen Massive Attack taldeak Barakaldoko Bizkaia Arenan joko du erasoa, Horace Andy reggae izar beteranoa eta Cocteau Twinseko partaide ohia den Liz Fraserren ahotsen laguntzarekin. Iaz «Collected» bilduma plazaratu ostean, datorren urtearen hasieran argitaratzeko prest omen du gaur zuzenean entzungo dugun «Underground Weather» lan berria.

p056_f01_152x144.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Udazkenean sartzearekin batera jaialdiak agortu eta nazioarteko lan garrantzitsuen zuzeneko aurkezpenez lepo azaltzen dira han hemenka aretoak. Aurten ere horrela gertatuko da ziur asko eta hasteko, hona trip hoparen aitzindari eta ikur, Massive Attack britainiarren bisita.

Egun Robert del Najak eta Grant Marshallek osatuta dago 2008ko hasieran «Underground Weather» izeneko lan berria plazaratuko duen taldea. Barakaldoko aretotzarrean gaur emango duten zuzenekoan -lan berriko kanturen bat edo beste ere joko omen dute-, bi bateria-jotzailek, baxu-jotzaileak, teklatu-jotzaileak eta soinu efektu bereziek lagunduko dute bikotea, Horace Andy eta Liz Fraserren ahotsekin batera. Atzeko aldean, ohi duten gisara, bideo sorkuntza txukuna ikusi ahal izango da, gerraren aurkako eta natura zaintzeko mezu eta datu zehatzez osatua.

Bristolgo hirian 1983 inguruan The Wild Bunch Dj eta Soundsystem komunitatea garatu zuten eta bertatik sortua da Massive Attack taldea, 1987an Andrew Mushroom Vowles eta Grant Daddy G Marshallek Robert del Naja, 3D, ezagutzean.

Hurrengo hamarkada hasieran lehenengo singlea, «Daydreaming» ekoitzi zuten. «Blue Lines» dugu taldearen debut harrigarria, azalean sugarraren ikurra duena. Trip hoparen harribitxi, hamarkadako lan garrantzitsuenentzat jotzen da maiz, tartean «Unfinished Sympathy» hit ikaragarria biltzen duena, Shara Nelson, Horace Andy eta Trickyren ahotsekin.

Disko jartzaile trebeez osatutako hirukoteak «Protection» ekoitzi zuen hiru urte geroago, ahotsetan Tracey Thorn (Everything But The Girl) eta, berriro ere, Tricky dituena. 1995ean Mad Professorrek oso-osorik nahasi zuen berriro bigarren lana, «No Protection» izenpean argitaratzeko. Taldeak «Mezzanine» hirugarren lanarekin, azalean kakarraldoa daukana, jo zuen gailurra. Aurrenekoak baino ilun eta pisuagoa, Horace Andy, Cocteau Twinseko Elizabeth Fraser eta Sara Jay arduratu ziren ahotsez «Teartrop» eta «Inertia Creeps» bezalako hitzak dakartzan lanean.

Gailurra jo bazuten ere, Andrew Vowlesek taldea utzi zuen, norabide berriarekin deseroso. Ordutik aurrera bikote, 2003an «100th Window» laugarren lana plazaratu zuten, tartean Sinead O'Connor kantari ezagunaren laguntza jaso zuena eta Robert del Naja 3D-k bakar-bakarrik garatu zuena, Grant Marshall seme-alabez arduratzen zen bitartean (azken bost urteetan hiru izan baititu).

Bitxikeria gisa, 2004an «Unleashed» filmaren «Danny the Dog» soinu banda grabatu zutela esan beharra dago, beste hainbat egitasmoren artean. Iaz, gainera, taldearen sorreraren 20. urteurrena betetzear zela eta, Massive Attacken lehenengo bilduma plazaratu zen, «Collected» ederra, kantarik onenak, bitxikeriak, DVD bat eta «Live With Me» single dotorea (Terry Callierrekin) bildu zituena.

Grimearen aitzindari

Hasiera batean Peeping Tomen izena iragarri bazen ere, Bristolgo bikotea hiri bereko Dizziee Rascalek lagunduko du. Izen horren azpian dagoen Dylan Millsek «Maths + English» plazaratu du oraintsu XL disko etxean.

Hogeitabi urte baino ez dituen Londresko morroiaren hirugarren lanak grimea atzean utzi -bera aitzindari izan zuen estiloa- eta hip hop zuzena erabili du festarako sortutako lanean.

Harro ospea duen Rascalek «I Luv U» singlearekin lortu zuen oihartzuna, makina bat eskolatatik kanporatua izan ostean. Roll Deep Crew taldeko partaide ohiak 2003an egin zuen debuta -18 urte baino ez zituela- «Boy In Da Corner» lanarekin eta urte bat geroago plazaratu zuen bigarrena, «Showtime», biak XL disko etxean. Egun Dirtee Stank izeneko disko etxea sortu du artista berriei ateak ireki asmoz eta iaz Red Hot Chili Peppers taldearen zuzeneko europarrak zabaldu zituen.

Fitxa

Data: Gaur.

Lekua: Bizkaia Arena, BEC. (Barakaldo).

Ordua: 19.00etan.

Sarrera: 27/32/35 euro.

LAN BERRIA, 2008AN

Iaz «Collected» bilduma plazaratu ostean, egun 3D eta Daddy G bikoteak osatuta dagoen Massive Attack egitasmoak datorren urtearen hasieran argitaratuko du dagoeneko prest dagoen «Underground Weather» lan berria.

Del «blue lines» a «mezzanine», un viaje a bristol de la mano del trip hop

El inicial trío Massive Attack debutó con una mezcla de rap, dub y soul llamada «Blue Lines» (Circa, 1991). Obra cumbre del llamado sonido Bristol o trip hop, los vocalistas Horace Andy, Tony Bryan y Shara Nelson pusieron voz al entramado sonoro creado por Daddy G, 3D y Mushroom. El disco de la llama (simbolo del gas inflamable) incluye un hit imperecedero como «Unfinished Sympathy» y presentó en sociedad a un genial y variable trío que alcanzaría su climax siete años después con la oscura «Mezzanine» (Circa, 1998) y la voz de Elizabeth Fraser y Cocteau Twins. A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo