DISKO BERIAK Aritz Sound System
Kontalariaren itzulera
Afrika kontinente ezezaguna da oraindik guretzat. Egunero, albistegietan, Afrikako edozein herrialdetan gertatutako sarraski eta heriotzen berri jasotzen dugu. Sufrimendua eta miseria erakusten zaizkigu, kontinente beltzak duen aberastasuna ezkutatuz. Europako begiekin begiratzen diogu, lurralde handi horri dagokionez itsu gaudela konturatu gabe. Horren gertu eta horren desberdin. Musikari esker dakigu afrikarrak ahozkotasunean oinarritu dutela jakintza transmisioa. Musika dute hizkuntza komuna eta erritmoa da mezuaren bidea. Entzuten ohituta daude. Nazioarte mailan, Youssou N'Dour da mezulari afrikar ezagunenetakoa. Belarri zuriek ulertzen duten hizkuntza sortu du eta Afrikako kontuak zabaltzeko erabiltzen du. Musikaz gainera, zinemaren hizkuntza ere landu du eta udazkenean «Amazing Graze» filma estreinatuko da (esklabotasunari buruzkoa). Senegal jaioterrian maitatua da oso. Herrialdeko presidentea baino ospetsuagoa da. Herritarrei zuzentzeko ere musikaren lengoaia erabiltzen du, baina desberdin entzuten da. Bestalde, «Time» aldizkariak urtero kaleratzen duen «eragin handiko» pertsonaien zerrendan, 2007koan, Youssou N'Dour agertu da. Oraingoan, afrikarrei zuzendutako diskoa kaleratu du; wolof hizkuntzan abestua eta mbalax erritmo klasikoekin osatua. Iraila bukaeran, berriz, zurien txanda iritsiko da, gure belarrientzat aproposagoa omen den musikarekin osatutako diskoa eskainiko digulako.