Jaizubia gipuzkoako taldeak bizkaitarren artetik burua atera, eta bigarren urtez irabazi du euskal Liga
Jaizubia taldea oso indartsu dago. Egun, Euskal Herrian onenak dira harria zulatzen, edo hori da Ligatik atera daitekeen ondorioa. Bederatzi probetatik zazpi irabazi dituzte, eta beste bietan bigarren izan dira. Igandean amaitu zen Liga, eta gipuzkoarrak izan dira txapeldunak
Jon LEUNDA
Hondarribiko Jaizubia taldeak irabazi du bigarren urtez jarraian Euskal Herriko Liga. Gipuzkoako kostaldeko herriko taldearen meritua ez da txikia, izan ere bi urte darama lehian, eta bietan izan baita irabazle. Gainera, bera da Gipuzkoako talde bakarra Ligan, gainerako guztiak Bizkaikoak baitira.
Ligan, ordea, jaun eta jabe izan dira. Bederatzi probak osatzen zuten lehiaketa, eta zazpitan garaile izan dira gipuzkoarrak, eta beste bietan bigarren. Sailkapen nagusian ere alde nabarmena kendu dio Txoriherriri, hogei puntura geratu baitira.
Joseba Berridi da taldeko zulatzaileetako bat, eta pozez zoratzen dago: «Urtea ez da erraza izan. Proba bat ez beste guztiak Bizkaian jokatu behar izan ditugu, eta entrenamenduez gain, astebururo bidaiatzea egokitzen zitzaigun, baina irabazi dugu», esan zuen. «Bi proba kenduta, beste guztiak irabazi egin ditugu, eta hori sekulakoa da. Aurten, gainera, talde guztiak batera aritu gara, eta uste dut meritu handia dela», esan zuen.
Izan ere, aurten Ligak berrikuntza izan du, lehen aldiz talde guztiak batera aritu baitira. Horrek lehiaketa indartu egin duela esan du Berridik: «Uste dut horrela politagoa dela, eta talde guztiak egun berean eta denak denen aurka lehiatzeak interesa pizten duela ere pentsatzen dut, denak baldintza berean aritzen baikara».
Bi talde?
Etorkizunari begira bultzada handia hartu du Jaizubiak: «Dudarik gabe guretzat bultzada handia da hau. Bi urtetan irabazi egin dugu, eta horrek indarra ematen digu. Gainera, oraindik denboraldia ez da amaitu, eta beste lehiaketa batzuk irabazteko itxaropenik ere ez dugu galdu», aitortu zuen.
Hemendik aurrera, Euskal Herriko Txapelketa eta bakarkakoa geratzen dira. Binakakoa jokatuko den edo ez, oraindik ez baita ziurra. Euskal Herrikoan, berriz, Ligako sei talde onenak neurtuko dira. Jaizubiakoek iaz Binakakoa ez beste guztiak irabazi zituzten, eta aurten denetan garaile izateko asmoa agertu dute: «Iaz batean huts egin genuen, baina aurten denak irabazi nahi ditugu. Uste dut badugula aukera hori eta ez dugu alferrik galdu nahi».
Bestetik, datorren urteari begira ere jarrita daude gipuzkoarrak, eta ez dute bi talde ateratzeko aukerarik baztertzen: «Ez da lan samurra izango bi talde ateratzea, baina horretan ahaleginduko gara, hori da gure ilusioa», esan zuen Berridik.
Hondarribiarrek, gainera, aurten baja garantzitsua ere izan dute, Isuzkiza ez baitute taldean izan, min hartuta izan delako. Kanpotik begiratuta, haren hutsunea ez da nabaritu, baina barruan asko sumatu omen dute: «Bera oso ona da, eta guk bere falta asko nabaritu dugu. Pentsatzen dugu, datorren denboraldirako lehiatzeko moduan izango dela, eta horrek bigarren talde hori ateratzeko ere aukera gehiago emango dizkigu», adierazi zuten taldekideek.
Denboraldi bikaina egin arren, Jaizubiak ezin izan zuen etxean jokatutako proba irabazi, eta pena horrekin amaitu dute Liga: «Pena izugarria izan da. Denboraldi osoan nagusi izan gara, eta etxean irabazita amaitu nahi genuen, baina ezin. Presioa izugarria zen, sekulako jendetza zegoen, plaza gainezka zegoen saioa hasi baino askoz ere lehenagotik eta horrek presioa areagotu egin zigun. Gero, herriko festak ere baziren, eta uste dut hori ere nabaritu zela», esan zuen Joeba Berridi zulatzaileak.
Azkenik, harri-zulatzaileen egoera hobetzen ari dela esan zuen: «Bi urte daramagu lehian, eta iaztik hobekuntza sumatu dugu. Kirol hau goruntz doanaren errezeloa daukagu, eta jendeak ere gustuko du. Jokatu ditugun proba guztietan jendetza handia batu da, eta hori seinale ona da. Etorkizunari begira itxaropentsu izan behar dugu», esan zuen Hondarribiarrak. Ea bada, lehen zuen ospea erabat berreskuratzen duen. Bidea behintzat, ongi hartuta dauka.