GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

18/98 sumarioen ardurak salatzeko ekimenak

Elkartasunetik elkarlanera urratsak egiteko garaia dela diote auzipetuek

18/98 auziaren epaia kaleratzear dagoela, sumario horren eta aurki epaituko dituzten beste auzi batzuen «ardurak seinalatzeko» elkarretaratzeak egingo dituzte auzipetuek EAEko Auzitegiaren aurrean, PSNren egoitzaren aurrean eta Ajuria Enean. Euskal herritarrek eskubide zibil eta politikoen aldeko epaia «emana» duten arren, jarrera hori Madrildik datozen erasoei aurre egiteko nahikoa ez dela uste dute. «Elkartasunetik elkarlanera urratsak egiteko garaia da».

p006_f01_351x184.jpg

Amaia UGARTE | DONOSTIA

«Epaiaren zain gaude, egia da Auzitegi espainolaren epaiaren zain gaudela, baina nolabait ere gezurra bada; guretzat legitimitatea duen epai bakarra, Euskal Herriaren eta euskal herritarren epaia, aspaldian emanda dago eta makrosumario dinamika horren guztiaren aurkakoa da, eskubide zibil eta politikoen aldeko eta euskal herritarren eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko epaia da».

Hala laburbildu zuen Mikel Kortak 18/98 sumarioko auzipetuen sentimendua, Donostian atzo egin zuten agerraldian. Azaldu zuenez, auzi horretan eta irekita dauden besteetan -aurki amnistiaren aldeko mugimenduaren eta «Egunka- ria»ren aurkako epaiketak egitekoak dira- «ardurak seinalatzeko», elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan .

Lehena ostiralean izango da, Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean.

Epaitegi hori «Espainiako Erresumaren justizia tresna errepresibo gisa» erabiltzen dutela salatzeko eta «Estatu espainolean Euskal Herriarentzat justiziarik ez dagoela» aldarri- katzeko hautatu dute. «Tresna nagusia Auzitegi Nazionala da baina Euskadi abizena duten beste epaitegi batzuek ardura berbera dute», nabarmendu zuen.

Alde horretatik, «oso adierazgarritzat» jo zuen epaitegi horrek hainbat auzitan izan duen jarrera. «Denok ikusi ditugu Ibarretxe, Otegi, Barrena, Petrikorena, Atutxa, Bilbao, Lopez... epaitegi horretatik pasatzen...», gogora ekarri zuen.

Bigarren elkarretaratzea Iruñean egingo dute, PSNren egoitzaren aurrean, hilaren 20an. PSOEren ardura salatzea izango du xede.

Horren haritik, Kortak gogoratu zuen sumario horiei guztiei PPren Gobernuak eman ziela «bultzada» eta «`todos a la cárcel' leloa gauzatzeko» Auzitegi espainola erabiltzen hasi zela erantsi du.

PSOE, bide beretik

Bere esanetan, PSOEk bide bera jarraitu du. Nahiz eta PSOEren gobernuarekin «egoera ezberdinak bizitzea» egokitu zaien -negoziazio prozesuaren gorabehera guztiak-, «ez genuen inolako ezberdintasunik nabaritu ez epaimahaiaren ez fiskalaren aldetik, ez planteamenduetan, ezta egoera zehatzetan».

Hirugarren kontzentrazioa Ajuria-Enea jauregiaren aurrean egingo dute, Gasteizen, irailaren 25ean.

Auzipetuek eskertu egin dute Gasteizko Legebiltzarretik jaso duten elkartasuna, eta txalotu egin dute erakunde horrek epaiketen izaera politikoa, tortura eta legedi antiterrorista salatu izana.

«Baina -zehaztu du Mikel Kortak- hitzen gainetik ekintzak dira benetan balioa dutenak, eta ekintzetan Gasteizko Gobernuaren eta Ibarretxeren pean dauden kargu politiko eta erakundeak eskubide zibil eta politikoen eta askatasun demokratikoen ukazioan batzuetan Madrilen morroi eta beste batzuetan protagonista zuzenak dira».

Igandean Donostian estropaden ondorengo manifestazioan gertatua jarri du horren lekuko.

Bat Egin Eguna, bigarren urtez

Auzipetuen ordezkariak nabarmendu duenez, Euskal Herriak «esan du esan beharrekoa, baina jarrera horrek, epai horrek, une honetan ez du balio, ez baitu nahiko indar Estatu espainolaren erasoari aurre egiteko».

Horregatik, elkartasunetik elkarlanera urratsak egiteko garaia dela uste dute. «Benetan eskubideen defentsan bagabiltza eta sinisten badugu eskubideen errespetutik demokrazia eta bakea etorriko direla, bada garaia elkartzeko eta elkarlanean hasteko eskubide horien defentsan», nabarmendu zuen.

Hala, helburu horrekin antolatu dute aurten ere Bat Egin Eguna Altsasu-Urdiaingo San Pedroko zelaietan, irailaren 23an.

Teresa Todak azaldu zuenez, elkartasun eta laguntza eguna izateaz gain, aurtengoa «aurrera begira jartzeko eguna» ere izango da, «zoritxarrez batzuk epaiketaren zain baitaude».

Kontzentrazioak

Hilaren 14an, 20an eta 25ean izango dira EAEko Justizia Auzitegian; Iruñean, PSNren egoitzan; eta Ajuria Enean, denak 11.30ean.

ERRESPETUA

«Garbi daukagu Euskal Herrian eskubide guztiak errespetatuak izaten direnean, lehenik eta behin demokrazia etorriko dela Euskal Herrira, eta horren bidez bakea eta justizia», adierazi zuen auzipetuen ordezkari Mikel Kortak.

SOLIDARIDAD

En nombre de los procesados, Korta quiso expresar su solidaridad a Juan Mari Olano, encarcelado por el juez Garzón, así como a los jóvenes que permanecen en prisión tras el fallo del Supremo contra las organizaciones Jarrai, Haika y Segi.

BAT EGIN EGUNA

Irailaren 23an San Pedroko zelaiak berriro ere jendez gainezka egotea espero dute auzipetuek. Horretarako egitarau mamitsua prestatu dute, guztien gustukoa izan dadin. Musika, herri kirolak, haurren gunea, dantzak... denetarik egongo da.

«EAJk ikaragarrizko errepresio-jauzia egin du»

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako sumarioan auzipetuta dauden hainbat lagun ere izan ziren atzoko agerraldian, 18/98ko prozesatu eta «Egunkaria» auzikoekin batera.

Haien ordezkari Xabin Juaristik azken gertakariak izan zituen hizpide. Zehazki, Donostian igandean estropaden ondoren jazotakoa eta Juan Mari Olanoren espetxeratzea aipatu zituen.

Errepresioaren aurkako erakundearen aburuz, «inoiz baino ageriago ikusten dugu Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak errepresioaren hautua berretsi duela», baina bere ustez «harrigarriena da EAJk ilegalizazio politika ezartzeko zeregina zein gogoz eta zein grina handiz hartu duen».

Alde horretatik eta igandeko gertakarien harira, amnistiaren aldeko mugimenduko kideak nabarmendu zuen Auzitegi espainolaren agindurik izan gabe ere, presoen eta amnistiaren aldeko «manifestazioa debekatu, inpunitate osoz herritarrak egurtu eta ondoren bederatzi lagun atxilotu» zituztela.

«Gure ustez, EAJk ikaragarrizko jauzi errepresiboa eman zuen igandean», salatu zuen. Xabin Juaristiren arabera, alderdi horrek «hitzen bidez ilegalizazioen aurka edota eskubide zibil eta politikoen taula argitaratzen badu ere, bere praktika biluzik gelditu zen igandean herritar guztien aurrean».

Horregatik, Josu Jon Imazen alderdia egin zuen jazotako guztiaren erantzule, baita Juan Mari Olano Auzitegi espainolera eraman eta espetxeratzearen arduradun ere. «Beraiek sortutako egoera baten ondorioz baitago kartzelan», adierazi zuen.

Horrekin batera, Xabin Juaristik salatu nahi izan zuen berriro ere amnistiaren aldeko mugimendua «ikertzen» dutela Auzitegi Nazionaleko «pasillo ilunetan».

«Jomugan» daudela esan zuen, eta horrek «logika, eta handia gainera», baduela iritzi diote. «Errepresioaren aldeko hautua egin duten une berean, inpunitatea, polizia bortizkeria, torturak, espetxe politika ankerra... azken finean, estatuen bortizkeria eta gehiegikeriak salatzen dituen mugimendua erditik kendu nahi dute eta horrek badu `bere logika'», egin zuen gogoeta.

Hori dela-eta, «oker» dabiltzala ohartarazi zuen amnistiaren aldeko mugimenduko kideak, eta errepresioa salatzea ez dela delitu argi utzi nahi izan zuen.

«Euskal jendarteak aski argi daki errepresioa salatzea ez dela inongo delitua, baizik eta delitu bakarra errepresio politikoa erabiliz Euskal Herriaren etorkizuna inposatzea dela. Hori da delitu bakarra», nabarmendu nahi izan zuen ordezkariak.

Horrenbestez, amnistiaren aldeko mugimenduaren konpromisoa berretsi zuen Juaristik. «Euskal Herriaren errealitatea horrelakoa den heinean, amnistiaren aldeko mugimendua aurrean izango dute, estatuen gehiegikeriak salatzen».

Horretaz gain, Juan Mari Olanok egiten duen legez, amnistia eta askatasuna aldarrikatzen jarraituko duten euskal herritarrak «ehunka eta milaka» izango direla ziurtatu nahi izan zuen amnistiaren aldeko mugimendukoak. A.U.

ELKARTASUN UHOLDEA

«Eragile politiko, sozial, sindikal eta erakundeek ere epaiketa horien aurkako jarrera garbia erakutsi dute, milaka herritarrek bezala. Elkartasun uholdea sortu da Euskal Herrian epaiketa horien guztien aurrean. Gizarte osoari eragiten diote».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo