GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

«ˇHazte la loca!»

Gure herriko dendari batek bere dendako gauza garestia saldu nahi zuenean, eta eroslea zalantzan ikusten bazuen, zera esaten zion, animatu nahian: «Venga, chica, ¡hazte la loca!». Emakume hark lentzeria-denda batean egiten zuen lan, eta bazekien lentzeria garesti-garestia ez dela premiazkoa. Begi-bistakoa zen bularretakoak eta kulotak askoz ere merkeagoak eros zitezkeela beste edonon, eta ez zela batere beharrezkoa horrenbeste diru gastatzea azpiko arroparako.

Baina «¡hazte la loca!» esaldiarekin konplizitatea bilatzen zuen. Adierazten zion erosleari baietz, biek bazekitela bularretakoak eta kulotak emakumearen kontsumorako zirela soilik; hau da, ez zirela etxekoen erabilpenerako, ezta begi-bistan eramatekoak ere. Erosi edo ez erosi, (ia) inork ez zuen jakingo, eta erosketaren onura aterako zuen pertsona (ia) bakarra eroslea bera zen. Beraz, norberarentzat izanda, ez zen nahitaezkoa. Baina hain politak ziren!

«¡Hazte la loca y cómpratelo!» harekin saltzaileak ziotson erosleari: «Bai, diru horrekin boltsa beteko zenuke supermerkatuan, gauza beharrezkoak erosiko zenituzke, eta hau zuretzako baino ez da, eta gainera, ezin duzu kalean erakutsi, baina ondo sentiaraziko zaitu, espezial! Zeure burua mimatu behingoz, beste inork ez du egingo-eta!».

Konpentsazioaren legea gauza zaharra omen da. Fisikan ez ezik kimikan ere gertatzen ei da. Alde batetik jasotzen ez dena bestetik jaso behar da orekari eutsi nahi bazaio. Berdin da indar korrelazioaz ari garen edo osagai organikoez. Kontua da gabeziak sorturiko hutsuneak mugimendu berriak eragiten dituela, naturak jotzen duelako bestelakotasunak berdintzera (ekonomian alderantziz, tamalez).

Psikologian berdin-berdin. Batetik jasotzen ez dena bestetik jaso beharra izaten da, orekaren mesedetan. Dendariak psikologia ikasi barik bazekien autoestimarako zein garrantzitsua den nork bere burua erakargarri ikustea, eta lentzeria finak efektu handia izaten du emakumearengan, nahiz eta kaletik doanean inork ez dakien zer daraman azpialdean.

Dendari hura gomutara etorri zitzaidan joan den astean polikiroldegiko aldagelan ikusi nuenean emakume batek bere lagunei erakusten ziela tanga erosi berria «zoramen une» batean. Txiki-txikia izateaz gain, atzealdeko tiratxoa «diamantez» egina zen eta erdialdean bihotz gorria zuen, dotore-dotorea.

Imajinatzen dut emakumea tanga hura erosten, eta dendaria «chica, ¡hazte la loca!» hasi zitzaiola. Imajinatzen dut etxean, ispiluaren aurrean, atzetik eta aurretik nola gelditzen zaion beha. Imajinatzen dut asmatu nahian zelako efektua egingo zuen oihal ñimiñoak besteengan. Eta pentsatzen dut konpentsazio-legeak zerikusirik izan dezakeela lentzeriarekin.

Edo agian gehiegi imajinatzea da, eta emakumeak ez zuen autoestima indartzeko beharrik. Agian asmakizun hutsa da eta tangak ez zuen ordezkatu inoren laztana. Agian asmo hutsa zen lentzeria berria erostea, armarioa berriztea eta eroso joatea lagunekin fitness egitera. Agian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo