Lizartzako auzia Auzitegi Nazionalera eramateko galdegin du Fiskaltzak
EAEko Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Otaolaren abokatuarekin batera, Peio Olano litzartzarraren aurkako auzia Auzitegi Nazionalera bidaltzeko eskatu du «mehatxu terroristak» egon zitezkeela argudiatuta.
GARA |
Peio Olano lizartzarrak atzo zuen bista Tolosako epaitegian, Regina Otaola alkatea mehatxatu zuela egotzita. Alta, hurrengo egunetan erabakiko dute epaiketa Tolosan edo Auzitegi Nazional espainolean egingo duten, hara eramateko eskatu baitu bai EAEko Justizia Auzitegi Goreneko Fiskaltzak eta Otaolaren abokatuak, akusazio partikular jarduten duenak.
Biek ala biek, auzi horren atzean «mehatxu terroristak» egon daitezkeela argudiatu dute. Olanoren defentsa abokatuak, ordea, «zentzugabetzat» jo dute eskaera eta atzera botatzeko eskaria egin dute. Bitartean, saioa etenda gelditu da eta hurrengo egunetan hartuko dute erabakia.
Auzitegian goizeko bederatzietan egon behar bazuen ere, alta bista 11.45ak aldera abiatu dela salatu dio GARAri Olanok. Gainera, Lizartzako herritarrak deklaratu ez duela nabarmendu du. Hala ere, Otaola izan da lehena deklaratzen.
Kanpoaldean, ordea, Lizartzako hogei bat bizilagun bildu ziren «Errepresiorik ez, Otaola kanpora» lemarekin Peio Olanori elkartasuna helarazteko asmoz. Bertan, ezker abertzaleko buruzagi Aitor Arantzabalek gogor kritikatu zuen PPren jarrera. Haren ustez, alderdi hori da istilu guztien sortzailea «etengabe ari baita Lizartzara joan eta hango herritarrak iraintzen eta gutxiesten».
27 bozekin Lizartzako alkatetza eskuratu duena ez zen bakarrik joan epaitegira, PPko beste zinegotziekin eta bere alderdiko Gipuzkoako presidente Maria Jose Usandizagarekin batera agertu zen. Kazetarien aurrean gainera, bere alderdia «legearekin bat datorrela» esan eta «bere herrian zuzenbide estatua ondo funzionatzea nahi duela» adierazi zuen.
Otaolak joan den ostiralean, herriko festen hasierarekin batera, bandera espainola eskegi zuen Udaletxeko balkoian. Parean ordea, hamarka herritar zeuden ikurrinak eskutan, euren kontrakotasuna erakusteko. Protesta egin ondoren, ordea, Otaolak bi pertsona salatu eta ertzainek bi zitazio helarazi zizkien. Zitazioetako bat, Peio Olanori zuzenduta zegoen eta «heriotz mehatxuak egitea» leporatzen zioten bertan. Beste zitazioa «Otaola cabrona» zioen kartela eramateagatik izan zen.
Bezperan, hilaren 6an ere, istiluak izan ziren Lizartzan, Sagrarioko Ama ermitan hain zuzen ere. Herriko jaien baitan egiten den ohiko mezan PPko zinegotzi Begoña Pereira agertu zen; herritarrek, aldiz, protestekin egin zioten harrera. Bertan sortutako istiluen ondorioz beste bizilagun batek joan beharko du epaitegira.
Beste bi herritar horiek datozen egunetan deklaratuko dute Tolosako epaitegian, hilaren 18an eta 19an.
Justizia espainolak EAE-ANVren zerrenda baliogabetu ostean, PPk lortu zuen Lizartzako alkatetza; hori bai, soilik 27 bozekin. Harrezkero, haizeak harrotu egin dira Lizartzan eta herritarrek behin baino gehiagotan erakutsi nahi izan diote alkateari ez dela ongi etorria.
Peio Olanoz gain, beste bi lizartzar dira Tolosako epaitegitik igaro zain direnak. Irekitako hiru auzi horiek joan den ostegunean eta ostiralean, herriko jaien baitan, gertatutako protesten ondorio dira.
Protesta gogorrenak, Otaola Udaleko balkoian bandera espainola jartzen ari zela izan ziren. Ordu batzuen buruan, ikurrin erraldoi batek bandera espainola estalita agertu zen Udala.