GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jon Bienzobas presoak Auzitegitik espetxerako lekualdatzean itotzeko zorian izan zela salatu du

GARA |

Jon Bienzobas euskal preso politikoak Auzitegi Nazional espainolean uztailean izandako epaiketaren harira egindako lekualdatzea amesgaizto bilakatu zen. Presoak berak idatzitako testigantzaren arabera, Alcala Mecotik goizeko zortzietan atera zuten eta epaiketa eguerdiko ordubaterako amaitu zen. Hala eta guztiz ere, goizeko ordubata arte bertako ziegetan eduki zuten. Furgoneta txiki batean sartu, eta Plaza de Castillara eraman zuten.

Han, beste autobus handi batean sartu omen zuten baina autobusa izorratu eta hor hasi ziren arazo larriak. Izan ere, matxura elektriko baten ondorioz haizea ez zen sartzen presoak zeuden «kaiola txiki-txiki eta ia hermetikoetan».

Gorabehera hori bost minutukoa izango zela uste bazuen ere, denborak aurrera egin zuen egoera jasangaitz bilakatu arte. «Haizea ez zen sartzen kaioletan eta berehala `kristoren' beroa eta haize falta nabaritu nuen. Eskuak bizkarrean lotuta nituenez, ezin nuen kamiseta kendu eta erabat bustita nengoen. Hankekin atearen kontra kolpeak ematen hasi ginen presoak baina `pikoloek' ez ziguten kasurik egiten» agertzen du Bienzobasen testigantzak.

Egoera gero eta larriagoa bihurtzen ari zela ohartuta, bere burua lasaitzen saiatu zela adierazi du preso galdakarrak baina zorabiatzen hasi zen. Ondoko kaioletan gutxienez pertsona batek konortea galdu zuela nabarmendu zuenean, berriro kolpeka eta oihuka hasi ziren eta kolpeen eraginez kaiolaren ate bat ireki zen arte ez zen guardia zibilarik hurbildu. Alta, jaramonik egin gabe, atea itxi egin zuen.

Bienzobas, nola edo hala atearen behealdetik haizea hartzen saiatu zen. Egoera horrek ordu eta erdi iraun zuela adierazi du idatzian: «Azkenean haizea sartzen hasi zen eta hori bai lasaiatasuna izan zela».

Izan ere, izerdiak zeharo blaituta, Sotoraino eraman zuten eta handik Alcala Mecora 4.45ak aldera iritsi zen Galdakaoko presoa.

Errearen eta Larrazen epaia

Beste alde batetik, gaur ezagutuko dute Unai Errea eta Itziar Larraz euskal preso politikoen abokatuen aurka Parisko Epaitegiaren ebazpena. Ekainaren hasieran aztertu zuen epaitegiak 2006ko abenduan ezarritako zigorraren helegitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo