GARA > Idatzia > Kultura

Euskara gehiago erabiltzeko eskatuko die Kontseiluak Ipar Euskal Herriko museoei

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Euskararen erabilerari buruzko azterketa berezitua egin berri du Euskararen Kontseiluak. Jogurtetan eta zinema aretoetan euskararen presentzia neurtu ostean, oraingoan Euskal Herriko 19 museo ikertu dituzte. Atzo, Baionan, Iñaki Lasak eta Ione Josiek, bereziki Ipar Euskal Herrikoetan aurkitutako egoera azaldu zuten.

Azterketa egiteko orduan hainbat irizpide hartu dituzte kontuan, hala nola, giza-baliabideak, gunean aurki daitezkeen argibideak eta museotan banatzen diren informazio eskuorriak.

Bost museotan izan dira Kontseiluko ikerlariak: Baionako Bonnat eta Euskal Museoa, Biarrizko Asiatika eta Itsas Museoa eta Donapaleuko Nafarroa Behereko Erakustegia. Lehena kenduta (ez baitute euskararen arrastorik aurkitu bertan), gainerakoetan urrats batzuk egin direla egiaztatu dute, nahiz eta «oraindik ere lan handia dagoen egiteko», Lasak adierazi zuen moduan.

Atsegin handiz kausitu dute, esaterako, Itsas Museoak egindako ahalegina. «Audio-gida euskaraz ere badute-eta, gainera, kalitatezko euskaran. Aldez aurretik eskatuta bisita gidatuak eskaintzen dituzte eta beren webgunea euskaraz ere kontsulta daiteke», esan zuen Josiek.

Euskal Museoan euskarri gehienak elebitan daude baina euskara ez da lehenetsia edo nabarmendua. Asiatikako idatzizko gidan euskara agertzen da eta Nafarroa Behereko Erakustegian, berriz, %24 elebitan eta gainerakoa frantsesez dago.

EEPri eta museoei deia

Azterketa horiekin Kontseiluaren helburua eragitea denez, bost museoei eta baita hizkuntza politikaz arduratzen den erakundeari ere, hots, Euskararen Erakunde Publikoari helaraziko dizkiete ikerketaren emaitzak.

Bide batez, euskararen presentzia bermatzeko eskatuko diete, era horretan euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo