Pleka Torneoa
Larretxea eta Etxeto nagusi Saran bigarren zati oso on bati esker
Alfarok eta Ozafrainek hogei tantoan bikain eutsi zioten partidari, baina bigarren erdian aurrez pilatutako nekea sumatu eta hondoa jo zuten
Jon LEUNDA | SARA
Azken emaitzak besterik pentsarazi lezakeen arren, Olivier Larretxeak eta Thierry Etxetok lan asko egin behar izan zuten Sarako pilotalekuan Pleka Torneo entzutetsua bereganatzeko. Lau pilotariak soldata irabazteko prest kantxaratu ziren eta norgehiagokaren lehen erdia oso gogorra izan zen. Adibide bat baino ez: 19-25erako 43 minutu zeramatzaten jo eta ke lau protagonistek.
Lehen erdian bi atzelariek gogor egin zuten lan. Etxetok eta Ozafrainek oso serio jokatu zuten hasieratik, apenas pilotarik galdu gabe, eta tantoak aurrealdean erabaki ziren. Larretxeak pilotaren bat galdu arren, ikusleen txaloak behartu zituen bospasei tantotan eta Ellande Alfarok, tarteka presaka antzean aritu bazen ere, asmatu zuen bere ibilbideko lehen goi-mailako finalari tamaina behar bezala hartzen. Zentzu horretan, sarean sartutako pilota sorta eta sakearekin egin zuen mina kontutan hartzekoak dira. Abantailak beti Larretxea eta Etxetoren aldekoak izan arren, 19-22koan partida irekita zegoen erabat.
Hamazazpi segidan
Sarakoa, ordea, torneo berezia da, 50 tantora jokatzen den bakarra, alegia, eta bigarren erdian nekea nabaritu zuten gorriek. Atzealdean Etxetok egun dagoen pilotaririk erregularrena dela erakutsi zuen beste behin eta Patrick Ozafrainek asko sufritu zuen partida erditik aurrera. Horren erakusgarri onena segidan egindako hamazazpi tantoak. 19-23tik 19-40ra joan ziren zuzen-zuzenean eta norgehiagoka guztiz erabakita utzi zuten.
Egia da Alfaro ere asko saiatu zela bere atzelariari laguntzen, pilota dezentetara airez sartuta, baina ez zen nahikoa izan. Irabazleak lasaitu zirenean akats inozo batzuk egon ziren.
Uztailaren 8an Labriten min hartu, eta nafarrak irailaren 21ean egingo du berragerpena Adarragan. Asteartean Tolosan proba ona egin eta pozik geratu zen. Bihar beste saio bat egingo du eta, arazorik ezean, Mendizabal II.arekin jokatuko du Olazabalen eta Laskurainen kontra.
Egungo bikote txapeldunak aise irabazi zuen (35-24) Beaskoetxearen eta Felixen kontra Biarrizko Mastersaren lehen finalerdia. Felix makal hasi zen eta zumaiarrak 13-4 aurreratu ziren. Bigarren finalista bihar erabakiko da Arriaga-Irastorzaren eta Bereikua-Lopezen artean.