GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com

Diferentziak gainditzen

Askotan gertatzen da inoren egoeran ez garela sekula jartzen, ez diogula sekula inork pairatzen duenari erreparatzen, harik eta norberak haragi bizitan esperimentatu arte. Bestela, ikusi eta ez gara konturatzen edota gutxi gorabehera paso egiten dugu, gehienez «errukitzera» hel gaitezke, baina ez digu ezelango kezkarik sortzen guk geuk, pertsona «normalok», askotan sorrarazten ditugun bizi arazoak hobetzeko.

Honela, oso adierazgarria izaten da mugitzeko ezintasunik ez daukagun pertsonen kasua. Dena egiten edo fabrikatzen dugu guk geuretzat pentsatuta: neurriak, altuerak, pasabideak, eskailerak, komunak, mahaiak... den-dena. Gutako baten batek zoritxarrez hankaren bat apurtu eta aste batzuetan gurpildun aulkia erabili behar duenean, orduan hori izaten da askotan diferentziaz eta, txarragoa dena, bereizkeriaz konturatzeko modu bakarra. Orduan hasten gara madarikatzen eta ernegatzen, zelan aparkatu ahal duten kotxe bat errebajatuta dagoen zebrabide bakarrean, zelan konponduko garen igogailuan gure pisuaren zenbakia sakatzeko eta, gaitzagoa dena, zelan gaindituko ditugun tarteko eskailera guztiak igogailuraino heldu ahal izateko.

Beharbada geure etxean ere erreparatu eta zera hasten gara pentsatzen, denbora tarte baterako barik, bizitza osorako egoeran bageunde, ezin izango ginatekeela etxe horretan bizi eta beste bat topatu beharko genukeela pasabide zabalagoekin eta komun handiago batekin, sofa atzetik ez ginatekeela sartuko aulkiarekin eta, beraz, sofa hori ere aldatu beharko genukeela logelara heldu gura badugu...

Hala ere, badakigu denbora tarte baterako besterik ez dela eta berriro oinez hasiz gero, agur gure kezka guztiei. Zeren eta mundua jende oso berezi batentzat dago pentsatuta: gizon osasuntsuak, zuriak, gazteak eta dirua erabili ahal dutenak. Beste guztiak besteak dira, apartekoak. Gauza «tonto» bat aipatuko dut erakusgarri moduan, niri beti atentzioa eman didana: tabernetan komunak «elbarrituentzat» egokitzera behartuta daudenean, gehienetan gertatzen da gizonentzako bat ipintzen dutela eta beste batera bidaltzen gaituzte andreak eta aulkia erabiltzen dutenak, hau da, alde batetik «normalak» eta bestetik, besteak. Oso taberna gutxitan egokitzen dira komun biak.

Orain badirudi gurpildun aulki berezia asmatu dutela Gipuzkoan bertan. Lehen begiratu batean itxura ona dauka eta ematen du bizi kalitatea hobetzeko balio ahal izango lukeela. Hainbat berrikuntza asmatzen dira beste kontu batzuetarako... eta beste batzuentzat ezer gutxi, «zu, ez zarenez normala, hartu lau gurpil eta listo, horrekin nahiko daukazu». Baina mugitu ahal izatea ez da dena, hori bezain inportantea da lagunekin pote batzuk hartzera irteten denean eurekin aurrez aurre berba egin ahal izatea edota norberak, mostradorera helduta, erronda eskatu ahal izatea; independentzia izatea dendetako eskailera mailak gainditu eta barrura sartzeko; giltzak, telefonoa, zapiak edo bakoitzak gura duena eroso eroan ahal izatea, behearen gainetik gauzak hartu ahal izatea...

Horren gakoa, neuk pentsa, premiak aztertzean datza, baina benetako premiak, benetako pertsonen iritziak eta beharrak kontuan hartzea. Izan ere, mugitzeko zailtasunak dauzkatenen hiru elkartetako jendeak eman ei ditu ideiak euren bizitzan egunero-egunero lagundu behar dien baliabide hain inportante hori hobetzeko asmoz. Orain, merka- tura heltzea eta prezioa ere denentzat eskuragarria izatea baino ez da falta. Diferentziak gainditzeko bidean, diferentzia gehiagorik sor ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo