GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lizartzako auzia Entzutegi Nazionalera joango da azkenik

Lizartzako banderen igoeraren ekitaldian PP-ko alkate Regina Otaolak auzotar bat salatu eta gero, espainiar Entzutegi Nazionalaren alde inhibitu da Tolosako Instrukzio Epaitegia. Bai fiskalak eta baita Otaolaren abokatuak ere aurreko asteazkenean eskatutakoa onartu egin du Tolosako epaileak eta ustez «mehatxu terroristak» egiteagatik hartu du erabakia.

Kepa PETRALANDA |

Lizartzako alkate Regina Otaolak (PP) esan zuenez, jaietako lehenbiziko egunean, banderen igoera ekitaldia burutu zenean, Udaletxe aurreko elkarretaratzean zegoen batek «vas a morir» esan omen zion.

Salaketa jarri eta gero, bai fiskalak bai Otaolaren abokatuak «mehatxu terroristak» akusaziopean espainiar Entzutegi Nazionalaren alde inibitzeko eskatu zioten joan zen asteazkenean Instrukzio epaileari, Peio Olano akusatu lizartzarraren abokatuaren kontrako iritziarekin.

Olanoren defentsa abokatuak, «zentzugabetzat» jo zuen orduan akusazioaren eskaera eta atzera botatzeko eskaria egin zuen. Auzia etenda geratu zen, baina Tolosako Instrukzio epailea Entzutegi Nazionalaren alde inibitu da azkenik.

Auzi berean, beste bi prozedura ikertzen ari dira Tolosako Epaitegian, bata «irainak» leporatuta eta bestea «zauriak» egiteagatik. Salaketaren arabera, ustez «Otaola cabrona» leloarekin kartel bat zeraman beste auzotar batek. Hirugarrenik, PP-ko zinegotzi Begoña Pereirak ikurrina lotuta zeukan makil batekin ustez kolpe bat jaso zuen Lizartzan meza bukatu eta gero, bere alderdikideekin ihes egiten zebilenean.

Otaolak Peio Olano leitzarraren kontra «zigor epaia» espero du espainiar Entzutegi Nazionalaren partetik, «horrelako ekimenen inpunitatearekin». PP-ko ordezkariak atzo esan zuenez, bai inputatua dagoen auzotarra eta baita iraindu omen zutenak ere «ETAren aldeko inguruan harremanak dituztelarik oso pertsona ezagunak dira herrian». Lizartzan eta beste herri askotan «hertsatzearen hariak nortzuk mugitzen dituzten buru-belarri ikertzeko» eskatu zion Gobernuari Otaolak.

Lizartzako Jai Batzordeak bestalde, «kontuan izanik zein egoera antidemokratikoan bizi izan diren jaiak», auzotarrak, gazte jendea eta etorritako musikari, kirolari eta abarren partehartzea eskertu eta zoriondu egin zuen atzo «oztopo guztiak gaindituak izan direlako eta egoera honetan ezin hobeak izan direlako».

Bestalde, «Otaola eta berarekin batera herriko lasaitasuna zapuztu egin dutenak» ozenki kritikatu dituzte, «herria probokatu eta apalarazi egin dutelako, frankismo garaitik ikusten ez ziren gauzak ekarriz». Salatutako hiru auzokideei «babes guztia» luzatzeaz gain, hemendik aurrera «partaidetza eta elkarlanerako deia» zabaldu egin dute.

eSkerrak herriari

Jai Batzordeak eskertu egin du herritarron parte hartzea eta gogor kritikatu ditu «Otaola eta berarekin batera herriko lasaitasuna zapuztu egin dutenak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo