Egiako Porrontxoei azken bi egunak geratzen zaizkie gozamenerako
Oztopoak oztopo eta azken unea arte Donostiako Udalarekin txosnen kokaguneari eta zenbakiari dagokiena eztabaidatzen ibili behar izan arren, aurten ere Porrontxoak ospatzeko aukera izan dute Egian auzokideen lanari esker. Lehen bi egunak joan dira giro bikainean, baina oraindik azken txanpa geratzen da hara joaten den ororen gozamenerako. Ondo pasatu nahi duenak badaki nora joan behar duen asteburuan.
GARA |
Auzolana izan da betidanik herri honen oinarri eta ezberdin egiten duen adierazgarrietako bat eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Galde diezaietela bestela Egiako bizilagunei. Donostiako auzo horretako lagunek ondo ezagutzen dute nola borrokatu behar den jaiak denon artean aurrera ateratzeko. Odon Elorzaren Udalak ez die erraztasunik ematen, baina ehunka pertsonaren lanari esker aurrera irten dira aurten ere Porrontxo jaiak, zenbat txosna jartzeko gai izango diren azken unea arte jakin ez arren. Zortzi txosna jartzeko eskaera egin zuen Egiako Jai Batzordearen eta Koadrilen Batzarrak, baina Udalak zazpirentzat eman zien baimena. Horretaz gain, ezinezkoa egiten zitzaien lau txosna sartzea Plaza Haundin eta horregatik bat Tejeriara eramatea erabaki zuten bertakoekin hitz egin ondoren. Ez zuten inongo oztoporik jarri, baina Udalak Udaltzaingoa eta Ertzaintza bidali zituen astelehenean txosnak eramatera. Hala ere, luze eztabaidatu eta gero, konponbidea eman zioten arazoari nahiz eta bere haserrea erakutsi nahi izan zuten Udalarekin. Beren iritziz, ez baitute «merezi» horrelako jarrerarik.
Arazoak konponduta, ostegunean hasi ziren Porrontxo jaiak Haurren Egunarekin. Hala, etxeko txikienek, nagusiak ahaztu gabe, ondo pasatzeko beta izan zuten buruhandi, erraldoi eta txarangekin. Pirritx eta Porrotx pailazoek ere ez zuten hutsik egin. Koadrilak ere primeran ibili ziren Porrontxo eta Porrontxaren jaitsieran mozorroturik eta Trakets taldearen dantzaldiarekin.
Atzo, Gazte eguna
Gazte -edo gazta?- Eguna izan zen atzokoa eta trikitilarien laguntzarekin hamaiketako batekin hasi zuten. Gero bazkaria eta Tejeriako txosnetan Xikinkei, Ostikoapotrotan, UK Bill eta Hutmensake taldeak jotzekoak ziren. Jokoak, dantzaldia eta txarangak ere ez ziren falta gau osoan eta indarrak berreskuratzeko txokolate-jana antolatuta zegoen.
Elkartasun Eguna izango da gaurkoa eta goiz-goizetik, edo aurreko egunetik jarraitzen dutenak ere kontuan hartuta, giroa berotzeko asmoa dute Lagunak txarangakoek. Egitaraua beterik dago larunbaterako. Haurrentzako jokoak antolatu ditu 10.00etan Gladysenean Donostia Kulturalak. 11.00etan, aldiz, Pintxo erakusketa izango da Auzoko Tabernari eta koadrilei esker trikitiz alaituta. Bestetik, 12.00etan Nafarroako jotak izango dira Plaza Berrin. Dirudienez Sanz, Delburgo eta Barcina izango dira teloneroak.
Arratsaldean kirola egiteko ordua helduko da. 16.00etan eskubaloi txapelketa hasiko da polikiroldegian eta 16.30ean pala finalak jokatuko dituzte frontoian. Nerabeen ordua helduko da gero, 17.30ean, Plaza Haundin izango den graffiti tailer eta break dance erakustaldiarekin. 18.00etan eskulanen azoka eta pintxoak izango dira berriro ere trikitiz lagunduta.
Indarrak hartzea garrantzitsua izango da, are gehiago, 19.00etan hasiko den Kubako musikaren emanaldia kontuan hartuta. Trebeska dantza taldeak ere erakustaldia egingo du 20.00etan eta ordu erdi geroago haurrentzako zezensuzkoa izango da.
Gauari hasiera emateko koadrilen afaria egingo dute kafearekin eta koparekin Tejeria kalean 21.00ak aldera eta 22.30ean Laginak txaranga aterako da kaleak girotzera. Gorputzak berotzeko Izotz taldearekin dantzaldia izango da eta gauerdian kalejira Porrontxo, Porrontxa, zanpantzar eta Lagunak txarangarekin. Ondoren herri aurreskua egingo dute Plaza Haundin. Goizaldean ez du giroak behera egingo Taupadaren batukadaren eta Baldarrak txarangaren emanaldiak izango baitira eta Tejeriako txosnetan, berriz, DJ sesioa Basanabasa eta Revolutionary Brothersekin.
Bihar bukatuko dira Egiako Porrontxoak, baina agurra gogorra izango da. Horren adibide da, 7.00etan oilaskoak izango dituzte gosaltzeko ohetik azkarren altxatzen direnek eta, nola ez, jai giroan jarraitzen dutenek. Ziur asko bigarren talde honetakoak askoz gehiago izango dira.
Azken traka
Ez da lo kuluxka bat egitera joateko denborarik izango 8.30ean Jatorrenak txarangak alaituko baititu eta auzoko kaleak. 11.00etan, berriz, bertso-pilota saioa izango da frontoian. Izan ere, Xabier Silveirak Jokin Urangarekin neurtuko ditu indarrak. Sagardo dastatzea izango da 12.30ean Plaza Gorrin egingo duten herri bazkariaren aurrekari bezala. Arratsaldean, aldiz, herri kirol erakustaldia izango da 17.30etatik aurrera Ernesto Epelde «Bihurri» eta bere taldearekin. Koadrilek ere parte hartuko dute.
Plaza Haundin izango da eguneko hurrengo jarduera 19.00etan. Hasteko sardina-jatea egongo da, eta Larrain dantzak Kupela taldearen erromeriari emango dio paso. Gero Koadrilen kalejira izango da auzoan eta 22.00etan azken traka egingo dute. We are the world-ekin 00.00etan bukatuko dira.
Gaurko egitaraua oparoa izango da hainbat ekitaldi izango baitira. Txarangak, Nafarroako jotak eta pintxoak dastatzeko aukera izango da goizean. Arratsaldean eskubaloi partidak eta Kubako musikaren emanaldia izango dira.
Goizeko 7.00etan abiatuko da igandean eta oilaskoak izango dira gosaltzeko. 8.30ean txaranga arituko da jotzen eta 11.00etan bertso-pilota ekitaldia izango da frontoian Silvieirarekin eta Jokin Urangarekin.
Larunbat gaua luzea izango da eta Izotz taldeak egingo duen dantzaldiarekin hasiko da. Gero, koadrilek egingo duten kalejira Porrontxarekin eta Porrontxorekin, batukada, txarangak eta DJ sesioak ahaztu gabe.
Trikitalariek alaituta eman zioten atzo hasiera Gazte Egunari, eta gauean Xikinkei, Ostikoapotrotan, UK Bill eta Hutmensake taldeak kontzertua ematekoak ziren Tejerian. Herri bazkaria ere izan zen.