GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Urdaibaik titulua erabakita utzi nahi du Bizkaiko uretan

Kontxako Bandera pasatuta, Gorlizen eta Bermeon jokatuko dituzte gaur eta bihar San Miguel Ligako hurrengo bi estropadak. Amaiera gertuago dago.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Kontxako Bandera jokatzeko hiru asteko parentesiaren ondoren, gaur eta bihar jokatuko dituzte Gorlizen eta Bermeon San Miguel Ligako hamabosgarren eta hamaseigarren estropada puntuagarriak. Ligako azken-aurreko asteburua izango da lehiaketari dagokionez eta sailkapena ia erabakita geratzea espero dute, bai goitik eta bai behetik.

Lehen hitzordua gaur arratsaldean izango dute hamabi traineruek Gorlizen (17.00, ETB-1). Sailkapena kontuan izanda, lehen txandan Arkote, Mecos, Laredo eta Cabo irtengo dira. Bigarrenean San Pedrok, Zumaiak, Pedreñak eta Zarautzek egingo dute arraun. Eta ohorezko txandan Castro, Hondarribia, Orio eta Urdaibai irtengo dira.

Urdaibai liderrak -154 puntu, Oriok baino hamar gehiago- Kontxa ahaztu eta San Miguel Ligako titulua erabakita utzi nahiko du. Bermeotarrek lehiaketako azken hiru estropadak irabazi dituzte segidan -Zarautz, Laredo eta Orio- eta asteburuko bi estropadak Bizkaian jokatzen direla jakinda bere afizioari poz bat emateko irrikitan egongo dira. Hala ere, beraien helburu nagusia bihar iritsiko da: etxean jokatuko duten Bermeoko XXV. Ikurrina.

Atzetik, ikusi egin beharko da Oriok zer maila ematen duen Kontxako Banderan emandako erakustaldiaren ondoren. Argi dago Donostiako erritmoari eutsiz gero, ligan oraindik zeresana izan dezaketela, baina oso ulergarria izango litzateke prestaketa-puntuak goia jo eta hemendik aurrera zertxobait behera egitea ere.

Beste borroka interesgarri bat Castro (108 puntu), Zarautz (103 p.) eta Pedreñaren (102 p.) artekoa izango da laugarren postua eskuratzeko. La Marinera ontziak abantaila polita dauka lehia horretan, baina azken asteetako estropadak ikusita ez litzateke harritzekoa Zarautzek edo Pedreñak ohorezko txandan amaitzea aurtengo denboraldia.

Azkenik, beheko postuetan dena erabakita dago. Mecosek eta Arkotek datorren asteburuko kanporaketa prestatzeko erabili beharko dituzte gaurko eta biharko estropadak. Aurkariak ere asteburu honetan ezagutuko dituzte.

Galiziarrak eta euskaldunak

Asteburuko beste interes gunea, datorren astean igoera kanporaketa jokatuko duten bi ontzien izena ezagutzea izango da. Getaria eta Pasai Donibane, TKE Ligako lehena eta bigarrena hurrenez hurren, Tiranekin eta Meirarekin neurtuko dira, Galiziako Ligako bi lehen sailkatuekin. Erlojuaren aurkako bi probak Ligako estropadak hasi baino ordu erdi lehenago jokatuko dituzte -larunbatean 16.30ean eta igandean 11.30ean- eta sailkapenak puntuka egingo dira: irabazleari 4 puntu, bigarrenari 3... Berdinketa egonez gero, bi jardunaldietako denborak batuta egingo da sailkapena.

Ia ziurtzat jo daiteke -getariarrek eta sanjuandarrek ere hala uste dute- Tiran izango dela igoera kanporaketa jokatuko duen bietako bat, eta borroka beste postua eskuratzeko egongo da. Getaria eta Pasai Donibane parekatuta ibili dira eta Meiraren erreferentziarik ez dugu.

KANPORAKETA

Ligako estropadak hasi baino ordu erdi lehenago, Getaria, Pasai Donibane, Tiran eta Meira erlojuaren aurka neurtuko dira hurrengo astean jokatuko den igoera kanporaketarako bi txartelen bila.

PUNTUAK

Sailkapena puntuak jardunaldi bakoitzean banatuz egingo dute: irabazleari 4 puntu, bigarrenari 3... Berdinketa egonez gero, bi jardunaldietako denborak batuta egingo da desenpatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo