GARA > Idatzia > Kultura

Euskara eta ingelesa biltzen dituen hiztegia kaleratu dute

Ingelesa, euskararen, gaztelaniaren eta frantsesaren ondoren, euskal gizartearen laugarren hizkuntza denez, Elhuyarrek eta Elkarrek «Elhuyar dictionary. Euskara-Ingelesa/English-Basque» hiztegia osatu dute. Irakasle eta ikasleentzat tresna baliagarria izango dela diote.

p056_f01_148x88.jpg

GARA | DONOSTIA

Elhuyar Fundazioak eta Elkar argitaletxeak «Elhuyar dictionary. Euskara-Ingelesa/English-Basque» hiztegia argitaratu dute elkarlanean. Bertan, euskaratik ingelesera eta ingelesetik euskararako 34.000 sarrera eta azpisarrera bildu dituzte, 50.000 adiera eta 12.000 adibide.

Donostian atzo eginiko aurkezpenean Elkarreko editore Txantxon Zubeldia, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Itziar Nogeras, eta proiektuaren zuzendari Elixabete Etxeberria izan ziren. Hiztegia osatzeko bi urtetan egon dira lanean.

Etxeberriarekin batera proiektua aurrera eraman duen lan taldea diseinu arduradun Antton Gurrutxagak, Antton Garikano eta Sarah J. Turtle aholkulari eta zuzentzaileek eta Irati Bereau, Aiora Jaka eta Sahats Ugartetxea erredaktoreek osatu dute.

Etxeberria hiztegia osatzeko egindako lanaren gainean ere mintzatu zen: «Hiztegi honetan, euskararen eta ingelesaren oinarrizko lexiko adierazgarria jaso nahi izan dugu. Euskarazko lexikoari dagokionez Elhuyarren eta Elkarren hiztegietan oinarritzeaz gainera, euskal hiztegigintzako lanak oso kontuan hartu ditugu. Ingelesekoari dagokionez, M. Morrisen, Oxford eta Cambrigde etxeen hainbat hiztegi izan dira oinarria», argitu zuen.

Horiek hala, euskararen, frantsesaren eta gaztelaniaren ondoren, ingelesa euskal gizartearen laugarren hizkuntza dela esan zuten Elkarreko eta Elhuyarreko arduradunek.

Era berean, «euskara eta ingelesa aurrez aurreko harremanetan jarri nahi badira» lan hau ezinbestekoa dela esan zuten aurkezpenean. Proiektuaren sustatzeileen hitzetan gainera, hiztegia tresna baliagarria da irakasle eta ikasleentzat, bai eta hizkuntzak lantzen edo hizkuntzekin lanean diharduten profesionalentzat ere.

50.000 ADIERA

«Elhuyar dictionary» hiztegiak 50.000 adiera biltzen ditu 34.000 sarrera eta azpisarrerekin eta 12.000 adibiderekin batera. Proiektua aurrera eman ahal izateko bi urtez egon dira lanean.

AUKERA UGARITU

Egitasmoko arduradunen hitzetan, hiztegia ezinbesteko tresna da euskara eta ingelesa aurrez aurreko harremanetan jartzeko eta kaleratzearekin alor honetan dagoen aukera ugaritu eta hobetu nahi izan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo