Batasunak uste du proiektu abertzalea indartu egingo dela udal-hauteskundeetan
Ikasturte berriko erronketariko bat izanen da udaberriko hauteskundeak prestatzea. Horrekin batera, egoera politiko orokorrari eta arazo sozio-ekonomiko hainbati nola aurre egin aztertuko dut talde abertzaleak.
Arantxa MANTEROLA |
Ikasturte hasierarekin bat, datozen hilabeteetan Batasunak lehentasunez landuko dituen gaien berri eman zuten, atzo Baionan, Aurore Martinek, Xabi Larraldek eta Jone Goirizelaiak.
Hiru esparrutan banatu dute aurrez ikusten duten lana. Horietariko bat, martxoko udal eta kantonamenduetako hauteskundeak. Larralderen esanetan, joan den ekainean Biltzar legegilerako bozetan EHBaik lortutako emaitzak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako politikagintzan abertzaleak kontuan hartu behar diren indarra direla erakutsi dute.
Azken urteetan, abertzaleen proiektu politikoa Ipar Euskal Herrian hedatzen ari dela nabarmenduta, Martinek adierazi zuen «indar horiek kapitalizatzeko eta sustatzeko hitzordu oso garrantzitsua» izango direla aipatu bozak. Epe luzerako ikuspegitik, «indar-harremanean eragiteko eta Euskal Herriaren onarpen politiko-instituzionala bultzatzeko ere oso baliagarriak» izango direla esan zuten mahaikideek.
Egoera positibotik abiatu
Beste indarrekin itunak egiteko asmoa duten galdetuta, oraingoz barne-eztabaidan dagoen gaia dela adierazi zuen Larraldek. «Halere, azken hauteskundeetako emaitzak ikusita, begi bistakoa da egoera baikorretik abiatzen garela. Hurrengo bozetan, proiektu abertzalea indartu egingo dela uste osoa dugu» gaineratu zuen.
Hauteskundeetako ildoarekin batera, egoera politiko orokorrari aurre egitea izango da indar abertzalearen beste zeregina. Bake-prozesua etetearen ondorengoak markatutako egoeran gaudela gogoratuta, «inolako anbiguotasunik gabe, PSOE baita gobernu frantsesa ere bere erantzukina hartu ez izanagatik» jo zituen «porrotaren errudun».
Nicolas Sarkozyk abuztuan egindako bisitaldian argi baino argiago utzi du, mahaikideen esanetan, Estatuaren erantzuna «errepresio politiko-judizial hutsean» oinarrituko dela.
«Oso larritzat» jo zituzten bai presidentearen hitzak, bai Cahorseko atxiloketen harira, bizi-osorako espetxe zigorraren ezarpenari buruz fiskal orokorrak egindako adierazpenak. Gatazkaren konponketa «bide politikotik eta ez errepresibotik» etorriko dela berretsi zuten Batasuneko ordezkariek.
Gai sozio-ekonomikoak
Eztabaida politikoan lekua izango duten hainbat gai sozio-ekonomikoek ere sartuko dira indar abertzalearen egitekoetan. Hala, Abiadura Handiko Linea berriaren, 2x2 autobidearen eta Jitez Aldatutako Haziak erabiltzeko auziak oso presente izango dira Batasunaren agenda politikoan.
Horiekin batera, «gero eta larriago» bilakatzen ari diren arazo bi ere aipatu zuten: etxebizitza eta lurzorua. Egungo egoeraren erantzule nagusitzat jo zituzten «hamarkadetan inolako irtenbiderik eman gabe arazoa areagotzen utzi duten `notable politikoak'». Hala, Estatuak sortutako «Pays Basque 2020 bezalako sasi-tresnek» ez dutela ahalmen askirik ere salatu zuten. «Behar horiei guztiei aurre egiteko benetako eskumenak dituen esparru instituzional propioa, hots, Autonomi Estatutua behar dugu» gehitu zuen Larralde mahaikideak.
Datozen hilabeteetako hiru lan-ildo nagusiak eztabaidatzeko, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko militante eta gogaideek batzarra egingo dute irailaren 29an, 9.30etik goiti, Uztaritzeko Lapurdi aretoan.