Euskal Selekzioaren aldeko borroka
Munduko Pilota Batzarrak ez du EHPKren eskaria onartu
Erakunde horretako kide izateko proposamena ez zuten eztabaidatu ere egin San Frantziskoko bileran
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Euskal Herriko Pilota Konfederazioko (EHPK) eta Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten herenegun San Frantziskon. Hain zuzen ere, Estatu Batuetan egiten ari diren Munduko Txapelketa aprobetxatuta, Munduko Pilota Batzarrak bilera egin zuen zenbait erabaki hartzeko. Bilera horren nondik norakoak azaltzeko deitu zuten prentsaurrekora.
Kontua da Munduko Pilota Batzarrak ez zuela eztabaidatu ere egin EHPK-k erakunde horretako kide izateko egindako eskaria, proposamenean «forma akatsak» zeudela argudiatuta. EHPK-ko eta ESAITeko kideek hori aitzakia izan zela nabarmendu zuten komunikabideen aurrean.
Era berean, EHPKren eskaria onar ez zedin, Euskadiko Pilota Federazioko presidente Txema Aldamizek «gezurrak» erabili zituela salatu zuten. «Larriena da Euskadiko Federazioko burua izan dela EHPKri oztopoak jarri dizkion bakarra. Egindako eskariaren aurrean, salagarriak dira Txema Aldamizek eta Carlos Lasak -Munduko Pilota Biltzarreko presidenteak- erabiltako argumentu faltsuak eta gezur borobilak», esan zuten.
EHPK-ko eta ESAITeko ordezkaritza bat Munduko Txapelketan ari diren parte-hartzaile gehienekin bildu zela aipatu zuten, eta bilera horietatik guztietatik ondorio bat atera zutela: «Ez zekiten zertaz zihoan kontua. Euskal Herriko Federazioa Euskadikoa zela uste zuten, hiru herrialdetakoa», esan zuten, eta uste hori izatea Txema Aldamizen «intoxikazioaren» ondorio zela kritikatu zuten.
«Munduko Pilota Batzarrak EHPKren eskaria ez onartzeak ez du inolako funts juridikorik, San Frantziskoko biltzarrean argi geratu den moduan. Hain zuzen, Mexikoko Pilota Kontseiluaren eskaera bideratu dute, aurrez Mexikoko Federazioa Munduko Kontseiluko kidea izan arren», erantsi zuten.
Munduko Pilota Batzarrak ez zuen eztabaidatu ere egin EHPKren proposamena. Eskarian «forma akatsak» zeudela argudiatu zuten.
EHPK Munduko Biltzarreko kide izan ez dadin, «intoxikazioa» eta «gezur borobilak» erabili dituztela salatu zuten ESAITeko ordezkariek.
Tras dos meses y medio apartado de los frontones por lesión, Juan Martínez de Irujo reapareció en Altsasu con victoria. Con la inestimable ayuda de Lasa III, venció por 22-19 a Gonzalez y Zubieta. El pelotari de Ibero terminó el encuentro con buenas sensaciones.