GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega Desafioa

Txanda libreko norgehiagoka erakargarria antolatu dute Info 7 irratiaren alde

p052_f02_097x096.jpg

Jon LEUNDA | ZIZURKIL

Segazaleak gustura izango dira, aurten inoiz baino lehiaketa gehiago ikusteko parada izango baitute. Azkenekoa, atzo aurkeztu zuten Zizurkilen, izan ere bertan jokatuko baita urriaren 6an, 17.0oetatik aurrera, Info 7 irratiari laguntzeko asmoarekin.

Bertan, Goikoetxea eta Ormaetxea Lapazaranen eta Lizasoren aurka neurtuko dira. Saioa betiko eran izango da, zorroztaileekin, eta laguntzaileekin, eta ordubete iraungo du. Tarte horretan kilorik gehien batzen dituen bikoak eramango du garaipena.

Ikusmina pizteko moduko saioa izango da, txanda librean ez baita ia neurketarik izaten. Gainera, iazko Euskal Herriko txapelduna, eta egungoa aurrez aurre izango dira. Goikoetxeak Ormaetxea izango du lagun. Azken hau, gainera, aurten bigarren izan da Euskal Herrikoan.

Lapazaranekin, berriz, Lizaso arituko da. Asteasuko segalari hau orain arte ez da aritu betiko eran, baina bai nazioartekoan. Alboan, ordea, maisua izango du, eta bere babesean mailarik onena erakusteko parada izango du asteasuarrak. Proba honetan, gainera, Lapazaran ikusteko azkenetako aukera izango da, aurtengo denboraldiaren amaieran utzi egingo zuela iragarri baitzuen Euskal Herriko Txapelketaren ostean.

Saio erakargarri hau ikusi nahi duenak ez du inongo aitzakiarik izango, sarrerak 10 eurotan izango baitira aurretik erosiz gero, eta 12an egun berean erosita. Ateratzen den dirua Info 7 eta Tolosaldeko herri kirola eta sega bultzatu nahi duen taldearentzat izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo