GARA > Idatzia > Ikusmira

Zaintzapeko adierazpen askatasunaren erresuma

Nicola Lococo filosofoak eta Javier Ripak eta Josetxu Rodriguez umoristek espainiar Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten atzo. Orain gutxi ezohiko auzitegiak isun eskaera egin zuen «El Jueves» aldizkariaren kontra. Bi auziotan, Borboi familia «iraintzea» izan da akusazioa. Aldizkari katalanaren auzian, kereila espainiar printze eta printzesa larrua jotzen marraztu zutelako iritsi zen; oraingo honetan, Juan Carlos I.a Errusian izan zen ehiza saio berezi baten gainean marrazki bat eta artikulu bat argitaratzeagatik auziperatu nahi dituzte Ripa, Rodriguez eta Lococo, hurrenez hurren. Sinezgaitza bada ere, Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiak aurkeztu zuen aipaturiko kereila. Izan ere, atzo, fiskala ez zen azaldu ere egin auzitegian eta epaileak deklarazio laburra hartu zien hiru euskal herritarrei. Egoera normal batean auzia bertan behera geratuko litzateke. Baina, noski, egoera arrunt batean horrelako auziak ez lirateke gertatuko. Izan ere, azkenaldion espainiar sinboloen defentsak toki handia hartu du politikarien diskurtsoan. PPk bultzaturiko gurutzada geldiarazi ordez, PSOE bere abertzalekeria irentsi nahian dugu. Eta alderdi nagusiak aberriarekiko harrotasunean norgehiagoka ari diren bitartean, espainiar estatua, oraindik ere, zaintzapeko askatasunen erresuma besterik ez dela frogatzeko auzirik ez da falta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo