GARA > Idatzia > Ikusmira

Ibarretxe, presoen egoeraz mintzo nazioarteko adituekin, ez ordea horien senide eta lagunekin

Etxerateko ordezkaritza bat Lehendakaritzara abiatu zen atzo euren senideek eta lagunek pairatzen duten egoera larriaz Juan Jose Ibarretxerekin hitz egiteko. Izan ere, ez zuten horretarako aukerarik izan eta, salatu dutenez, ez da lehendakariarekin hitz egiteko ahaleginak hutsean geratu diren lehen aldia. Horrela bada, erabaki politiko larria izango litzateke, are gehiago kontuan izanik Ibarretxek normalizazio eta bakea bilatzeko duen asmoak toki berezia eman nahi diola euskal gizarteari. Gatazkaren eraginak larrutik ordaintzen dituzte euskal presoen ahaideek. Sufrimendu horren aurrean nolabaiteko adeitasuna agertzeak lehendakariak bete nahi duen helburuari mesede handia egingo lioke. Zoritxarrez, gatazka luze honek mota askotariko kalteak eta saminak eragin ditu, nahiz eta Lakuako gobernuak, orain arte gutxienez, ez guztiak aintzat hartu. Egoera hori aldatzekotan omen dabil Lakuako Kontseilu Politikoa. Aditu ezberdinak hartu zituen atzo lehendakariak. Biktimak, torturatuak, presoak... Horiek guztiak izan omen zituen mintzagai. Presoen egoeraz hitz egiteko ba al dago beren senide eta lagunak entzutea baino bide zuzenagorik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo