GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxeratek ezin izan dio presoen egoera larriaren berri eman Ibarretxeri

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bilera izan zuen atzo bere Kabineteko hainbat kiderekin, nazioarteko adituekin eta euskal gizarteko zenbait taldetako ordezkariekin, baina ez zuen tarterik izan euskal preso politikoen senideekin biltzeko. Aspaldiko kontua dela salatu zuten Etxerateko kideek, eta azaldu zuten beren senideen egoera «jasangaitza» dela. Presoen egoeraren berri emateko kalera ateratzen direnean Ertzaintzak ««jipoitzen» dituela ere gaitzetsi zuten.

p015_f02_148x100.jpg

Iker BIZKARGUENAGA |

Juan Jose Ibarretxerekin biltzeko asmoz joan ziren Etxerateko kideak Lehendakaritzara, baina hainbat ertzainek egin zieten ongietorria. Joxepa Arregi, Jon Ijurko eta Irati Arantzabal, euskal preso politikoen senideen elkarteko hiru belaunaldiren ordezkari gisa, Lakuako gobernuburuarekin bildu nahi izan zuten, errepresaliatuek bizi duten egoeraren berri emateko, baina Arantzabalek bakarrik lortu zuen egoitza ofizialean sartzea, eta Ibarretxeren ordez Jesus Peña, Lehendakaritzako idazkari nagusiak hartu zuen.

Bileraren ostean, Arantzabalek salatu zuen euskal preso politikoen egoera «jasangaitza» dela. «Gure senideak pixkanaka pixkanaka espetxeetan hiltzen ari dira», hitz gordin horiekin, egoeraren larritasuna nabarmendu zuen aurrean zituen hedabideetan.

Etxerateko kideak azaldu zuen osasunari dagokionez, presoak «oso baldintza txarretan» bizi direla, eta horren ondorioz geroz eta gehiago direla preso gaixoak, eta geroz eta okerragoa euren egoera. Horrekin batera, gogoratu zuen zigorra beteta eduki arren espetxean jarraitzen duten lagunen kopurua geroz eta handiagoa dela, eta euskal presoak euskal herriratu gabe jarraitzen dutela.

«Honekin batera, gu, gure senideen eskubideak aldarrikatu eta beren errealitatearen berri eman nahi dugunean, aurreko igandean Donostiako kaleetan gertatu bezala, jipoitzen gaituzte» salatu zuen Arantzabalek jarraian, Ertzaintzak iragan 9an egindako oldarraldia oroituz.

Atzo, azken urteetan behin eta berriz gertatu den bezala, ezinezkoa suertatu zitzaien Ibarretxerekin biltzea, horregatik beste hitzordu bat eskatu zioten lehendakariari, nahiz eta aurrekariak ikusita, ez ziren oso itxaropentsu agertu.

«Nahikoa dela adierazi nahi genion, baina ez gaitu hartu nahi izan. Urteak daramazkigu modu desberdinetan beragana zuzendu nahian, eta ez gaitu hartzen» deitoratu zuen Arantzabalek, eta hauxe gaineratu zuen: «espero dugu hemendik gutxira honen gainean hitz egiteko aukera izango dugula; guk behintzat dena jarriko baitugu gai hau konpontzeko».

Plana ebaluatzeko jardunaldia

Etxerateko kideak hedabideen aurrean adierazpen hauek egiten ari ziren une berean, lehendakaria, berak gidatzen duen Kontseilu Politikoa, Lakuako Barne sailburua eta Gobernuko hainbat goi kargu, bilera egiten ari ziren duela urtebete onartutako «Bakea eta bizikidetzarako plaza» ebaluatzeko. Bilera horretan Euskal Herriko esparru desberdinetako hogei bat gizarte eragilek eta nazioarteko hainbat adituk parte hartu zuten.

Ibarretxe berak eta Joanna Weschler nazioarteko adituak hedabideen aurreko agerraldia egin zuten, eta horrek, Lakuako Gobernuak bultzatutako plana goraipatu zuen. Lehendakariak, alde horretatik, adierazi zuen beharrezkoa dela «gizarte sare bat» sortzea, «iragan suntsitzailera ez itzultzeko».

JIPOITUAK

Etxerateko kideek euskal presoen egoera salatzeaz gain, deitoratu zuten egoera hori salatzeko kalera ateratzen direnean «Jaurlaritzaren Poliziaren bitartez jipoitzen» dituztela, Donostiako oldarraldia gogora ekarriz.

BATASUNA

Batasunak Ibarretxeren jarrera gaitzetsi du, eta «hipokresia galanta» adierazi duela salatu du prentsa ohar batetan. «Errespetu falta izugarria erakutsi du beste behin», salatu du talde abertzaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo