GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Hondarribiak garaipenen bat gehiago lortu nahi du

Gipuzkoako taldeak urte batetik bestera egoten diren ezberdintasunak nabaritu ditu aurtengo denboraldian

p041_f01_148x116.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Denboraldi batetik bestera asko aldatzen dira gauzak bizitzako arlo guztietan: kirolean, gizartean, politikan... Alde horretatik begiratuta arraun mundua ez da ezberdina. Gauzak hobeto edo okerrago atera daitezke, baina lan gogorra egin behar da beti bakoitzaren helburua lortzeko edo, behintzat, ahalik eta ondoen ibiltzeko.

Hondarribiari, aurtengo denboraldia lehengo urtekoarekin alderatuta, nahiko diferentea atera zaio. 2006an San Miguel Ligako irabazlea izan zen talde gipuzkoarra, baina aurten ezin izango du garaipen hori errepikatu, nahiz eta hirugarren postua merezimenduz lortu.

Mikel Orbañanos Ama Guadalupekoa ontziko prestatzaile eta arraunlariak oso ondo azaldu du egoera: «Aurreko denboraldiak hobeak izan dira eta pixka bat kostatu zaigu aurreko denboraldietako maila hori ematen. Alde horretatik, iruditzen zait, Orio eta Urdaibai lehengo urtean baino hobeto ibili direla eta gainera guri maila ematea kostatu zaigula».

Aurtengo San Miguel Ligan Hondarribiak ez zuen garaipenik lortu iragan larunbata arte. Emaitza ederrak lortu ditu denboraldian, bigarren postua proba dezentetan lortu du. Baina garaipena lortu ez izanaren arantza zuen eta Gorlizen egindako erakustaldiaren ondorioz, lehen bandera eraman zuen etxera.

«Oso gustura gaude lortutako garaipenarengatik. Bagenuen gogoa garaipena lortzeko eta horrela izan zen. Estropada oso ona egin genuen. Gauza askotan hobetu genuen eta azkenean garaipena eraman genuen», aipatzen du Orbañanosek.

Kirol guztietan era ezberdinean ikusten da taldeak egindako lana barrutik edo kanpotik begiratuta. Hau da, arraunean diharduten arraunlariek nola sufritzen duten jakiteko beraiekin aritzea baino gauza hoberik ez dago. Kasu honetan, Mikel Orbañanosek ez du arazorik. Izan ere, taldeko prestatzaileaz aparte, arraunlaria ere bada. Inork baino hobeto ezagutzen du bere taldekideen sufrimendua lehiaketaren barruan.

«Taldekideak oso ondo portatu dira denboraldi honetan. Giro oso ona egon da taldean eta jakin izan dute onartzen gure postua hori zela: kostatuko zitzaigula garaipena lortzen eta hori ez da erraza izaten askotan denboraldiari aurre egiteko», azpimarratu du Hondarribiako prestatzaile eta arraunlariak.

Aurkariei laudorioa

Aurtengo San Miguel Ligan argi dagoena da Urdaibai ezin hobeto ibili dela. Oriok, gainera, gertutik jarraitzen dio bi proba besterik falta ez direnean. Kontxa- ko Banderan, ordea, Oriok ezustekoa eman zuen besteak baino azkarrago ibiliz. Gauzak hala, Orbañanosek bientzat laudorioak ditu: «Bai Urdaibaik eta bai Oriok eguna asmatu dutenean besteei diferentzia atera diete. Kontxan, berriz, Oriok demostratu du azkarrena izan zela eta merezimendu osoz irabazi zuen».

Bi estropada besterik ez dira falta TKE Ligari amaiera emateko eta goiko postuak erabakita daudela esan daiteke. Ama Guadalupekoa ontziak, ordea, helburu bat du oraindik buruan. Taldeko prestatzaile eta arraunlariak oso argi utzi nahi izan du: «Gustatuko litzaiguke azkeneko bi estropada hauek ondo egiten, eta garaipena lortzen bada askoz hobeto».

Beraz, nahiz eta gutxi gorabehera lehenengo bi-hiru postuak erabakita egon, Hondarribiak harrotasuna atera nahiko du falta diren probetan garaipenen bat gehiago lortzeko.

Zarautzek bere instalakuntza izango du

Gogoa dagoenean gauzak askoz ere azkarrago egiten dira. Horixe da atzo Antxon Illarramendik, Zarauzko Arraun Elkarteko presidenteak, eta Jon Urien, Zarauzko alkateak, emandako prentsaurrekotik atera daitekeen ondorio nagusia. Hainbat urtetan atzera eta aurrera ibili eta gero, zarauztarrek entrenamendu gune berri bat izango dute Oriako ibaiertzean, Orioko sarreran baina Aiako lurretan. Indo bezala ezagutzen den gunean dago eta sei hilabetez alokatu eta gero Zarauzko Udalak bere gain hartuko du instalakuntza erosteko ardura. Inongo okerrik ezean, Zarauzko Arraun Elkarteak datorren urriaren 1ean jasoko ditu pabiloiko giltzak eta bere tresneria bertan sartzen hasteko aukera izango du. Egin beharreko lanen artean, ibaiko tarte hori dragatu egin beharko dela aipatu zuen Illarramendik eta ontzia uretaratzeko pantalan egokia jarri. Presidenteak eskertu egin zuen Zarauzko Udalaren lana, azkenean arazoari irtenbidea aurkitzeagatik. Kontuan izan behar da azken hilabete eta erdian Zarautz Pasaian eta Donostian ibili dela bere entrenamenduak egiten.

Asier AIESTARAN

HURRENGO URTEA

Mikel Orbañanosek ez du hurrengo denboraldian pentsatzen: «Oraingoz aurtengo denboraldia dugu buruan eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Momentuz ez da aldaketarik ezta nobedaderik egongo».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo