Inoizko arrakastatsuena izan da aurtengo «Maitaldia» dantza jaialdia
Eneritz ZABALETA | BIARRITZ
Igandean bururatu zen, Miarritzeko «Maitaldia» dantza jaialdiaren 17. edizioa. Aurtengoa inoizko jaialdirik arrakastatsuena izan da antolatzaileen arabera, 18800 ikusle gerturatu baitziren aste osoan ikusgai zeuden 42 emanaldietara. Ikusle horietarik 9854, aretoetan eskaini ziren sorkuntza eta ikuskizunetara joan ziren. Gainerako ikusleak, hau da, 8700 kanpoan eta urririk eskaini ziren ikusgarriak ikustera joan ziren.
Munduko dantzak
Eskaintza artisitikoari dagokionez, oso gustura azaldu zen Claverie: «Orain hiru urte jaialdiari emandako birakoaren gailurra izan da aurtengoa. Munduko dantzen itzuli bat eskaini nahi izan dugu, eta lortu dugu. Hurrengo urterako, hego hemisferioko dantzariak, hala nola Argentina edo Afrikakoak, edo Finlandia bezalako herrietako taldeak gonbidatu nahi ditugu». Emanaldi guztiak arrakastatsuak izan ziren aurten, Claverieren iritziz, eta eskaintzren artean Miguel Robles koreografo argentinarraren edo Natxo Duatok zuzendutako Espainiako Dantza Konpainiaren lanak nabarmendu zituen.
Hurrengo urterako, antolatzaileek hobekuntza batzuk ekartzeko asmoa dute. Besteak beste, hurrengo urtean Gare du Midi aretoko ikusgarrietako lekuak zenbakituko dituzte. Larunbateko programazioa arintzeko aukera ere aztertuko dute, ikusleek guztiak ikusi ahal ditzaten.