GARA > Idatzia > Kultura

Zuloan rock taldeko lau kideen istorioak bildu ditu Asier Serranok «Eskuetan mapak» eleberrian

Eibarko lau gaztek osatutako taldearen ibilbide pertsonala eta kolektiboa aurkezten du Serranoren azken lanak. Adiskidetasunak, amodioak eta drogak markatuko dute 90. hamarkadako gazte horien «mapa».

p049_f02_097x076.jpg

I.A. | DONOSTIA

Liburuan azaltzen diren pasarte, leku eta pertsonaia asko benetakoak dira, baina bertan islatzen diren egoerak aldatu egin ditu Asier Serranok. «Hori da literaturaren dohaietako bat. Erreala izan den gauza batekin norberak bere irudimenarekin jolastea. Hori izan da hemen jokorik politena», aipatu du eibartarrak.

Aspaldi hasi zuen Serranok o-rain Txalapartaren bitartez eta Harkaitz Canoren hitzaurrearekin aurkeztutako lana, «inondik inora ere autobiografikoa ez dena». Irakurleak bertan lau protagonista aurkituko ditu. «Zuloan taldearekin batera hasiko da beren istorioa. Eta Zuloan berez metafora bat da -esan du idazleak-: eibartarrak dira laurak, Eibar fisikoki eta psikikoki nahiko zulo beltza da, eta taldekide bakoitzak bere hartzen du zulo hori. Bakoitzak bere zuloa dauka, eta azaltzen diren pertsonaiak gabeziz eta kontraesanez betetakoak dira, horiek baitira gehien interesatzen zaizkidanak».

«Roka ero putak aitaren eskopetarekin bere buruari tiroa eman zionean hasi zen dena». Hitz horiek baliatu ditu Serranok eleberriari hasiera emateko. Izan ere, liburuko protagonista nagusiaren, Aitorren, eskuetako mapetan suz markatuta geratuko den gertakizuna da Roka lagunaren suiziodioa. Hortik aurrera, Aitor eta haren lagunek osatutako musika taldearen ibilbide kolektibo eta pertsonalaren bidezidorrak etengabe gurutzatuko dira 90eko hamarkadan.

Hiru ahots ageri dira nobelan. Protagonistarena bata, bere bizitza eta taldearen historia kontatzen duena; psikiatrarena, bestea; eta narratzailearena. Idazlearen esanetan, «estrukturan izan dut zailtasunik handiena. Nobela konplikatua da, baina bukaeran ulertzen da guzti- a. Pertsonaiak zulotik irten dira, drogen, inbidiaren, maitasunaren zulotik, eta konturatu gabe zulo hori handitu egiten da euren kontraesanek horretarako bide ematen dietelako. Bertatik irten beharko dute; lau lagunen saiakera da arlo horretan».

Finean 90. hamarkadari luzatu dio begirada idazleak. «Gustura aritu naiz idazten, benetan; berriz ere memoriaren furgoia hartu eta eskuetako mapetan bide fiktizio bat egiten. Bidaia polita izan da, norberak aurretik egindako bide hori beste era batera egitea izan delako». «32 urte ditut -dio- eta furgoia aparkatuta uzteko momentua iritsi zait niri ere. Gaztetako mamuak paperera ekarri ditut. Pozik nago etapa hori itxi dudalako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo