GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Aviron prestakuntzako azken fasean sartu da

Lapurdiko hiriburuko taldea Donostian dago bilduta, eta han egongo da datozen lau egunetan

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aviron Donostian dago prestakuntzarekin aurerra egiteko asmotan, eta Gipuzkoako hiriburuan jarraituko du ostegunera bitarte. Atzo egin zuten ostatu hartzen ari diren hotelean prentsa agerraldia, beraien asmoen berri agertzeko asmoarekin.

Francis Salagoitik, taldeko presidenteak, hitz egin zuen gehien, eta Donostira zergatik etorri diren agertu nahi izan zuen: «Horretarako bi arrazoi izan ditugu. Alde batetik dituen instalazioak aprobetxatu nahi izan ditugu, eta bestetik alde honetako euskal taldeekin harremanak sendotu nahi izan ditugu», adierazi zuen.

Aurten Liga oso berandu hasiko da, izan ere, urriaren azkeneko asteburura bitarte ez baita abiatuko, Munduko Txapelketa jokatzen ari baita. Aviron Donostian egiten ari den bigarren egonaldia da. Aurretik beste bat egina dute, eta hura Hazparnen eta Baigorrin egin zuten.

Hala ere, Salagoitik esan zuenaren arabera, ekonomia ere sustatu nahiko lukete: «Gipuzkoako herrialdean enpresa asko daude, eta izango dira Ipar Euskal Herriko ateak zabaldu nahi dituztenak ere, eta Baionako Avironek horretarako aukera ezin hobea eskaintzen dio», nabarmendu zuen klubeko presidenteak.

Hego Euskal Herriko bazkideak ere hartuko lituzkela ere onartu zuen: «Jadanik Gipuzkoako edo Bizkaiako bazkide mordoa dauzkagu, baina kopuru hau handitzeko aukera badagoela ikusten dugu, eta gustatu ere gustatuko litzaiguke Hego Euskal Herriko bazkide gehiago izatea», baieztatu zuen.

Salagoitiri Gipuzkoa aldeko jendea erakartzeko gogoa ikusi zitzaion bere jardunean, eta «Baionan formakuntza zentro bat badugu, eta hemengo gazteei dei egiten diegu bertara joan eta ezagutzeko», esan zuen.

Jean Pierre Elisalde, taldeko managerrak, egun hauetan egin beharrko lana nolakoa izango zen esan zuen: «Zubietan ari gara entrenatzen, Realak utzitako instalakuntzetan. Goiz eta arratsalde egingo ditugu entrenamenduak. Goizean gehien bat fisikoa izango da, eta arratsaldean errugbia izango da nagusi», esan zuen.

Goizean 9.00etatik 12.00etara egongo dira Z7 zelaian, Zubietan, eta arratsaldean, 16.00etatik aitzinera. Ateak zabalik egongo dira, ikustera joan nahi duten guztientzat. «Gustatuko litzaiguke alde honetako entrenatzaileak bertara joan eta lan nola egiten dugun ikusi eta gurekin egotea», adierazi zuen Jean Piere Elisaldek,

Izan ere Hego Euskal Herriko entrenatzaileekin lan egiteko proiektu bat badutela ere esan zuen. «Oraingoz proiektu bat besterik ez da. Guk eskua luzatu dugu, eta orain erantzunaren zain gaude. Errugbia hamar urtetan erabat aldatu da, eta hortik hasi behar da lanean».

Taldearen helburua iazko larritasunik ez pasatzea dela ere baieztu zuen: «Iaz oso gaizki hasi ginen, baina Top 14ari eutsi genion. Aurten nazioarteko selekzioetan ari diren jokalari ugari ekarri ditugu, eta Larretxea bera ere itzuli da Ingalaterratik. Itxaropentsu gaude», esan zuen.

Jose Luis Peña

Arratsaldeko ezusterik nagusiena, ordea, Jose Luis Peñak eman zuen, EAEko errugbi Federazioko presidenteak: «Ea Aviron bihurtzen den euskaldunen taldea, eta ez dezala egin Biarritzek egin duena», esanez hasi zen hizketan.

«Aviron ongi ari da gauzak egiten, eta hemen bere prestakuntza egitea gauza ona da guretzat, eta gu beti laguntzeko prest gaude, baina ez gaude prest Biarritz egiten ari zaigunarekin jarraitzeko, erabiltzen ari baizagu. Diruagatik bakarrik datoz Donostiara. Beraien zelaian baino askoz ere jende gehiago sartzen delako Donostian, eta horregatik erabili egin gaituzke, eta ez gaude horretarako prest», erantsi zuen .

helburuak

Prestakuntza Donostian egiteaz gain, Hego Euskal Herriko errugbizale guztiekin harremanak sendotu nahi ditu talde baionarrak, eta hor sartzen dira taldeak , entrenatzaileak, jokalariak eta zaleak.

Ateak zabalik

Zuri-urdinak Zubietako zazpigarren zelaian ari dira beraien entrenamenduak egiten goiz eta arratsalde, eta ateak zabalik izango dira bertara joan eta lapurtaren entrenamenduak ikusi nahi dituzten guztientzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo